Haurren txokoan jarri duten txalupa herritarrek sortu dute Albaolako arotzen laguntzaz.
Azkenean iritsi da sanjuandarrek aspalditik itxaroten zuten eguna. Ostiralean inauguratuko dute Ubera Biblioteka eta irekiera ospatu egingo dute, hilabetetan mimoz landu duten festa egitarau oparo batekin. Herritar guztiak deitu dituzte ekitaldietan parte hartzera.
Sanjuandarrek nahi baino gehiago luzatu da denboran Donibanen biblioteka berria atontzeko prozesuak, baina Bibliotekaren Lagunek bultzada eman diote prozesuari, Marga Alzuela liburuzainarekin elkarlanean “oso aberasgarria” izan den prozesua osatuz. Inaugurazioaren atarian, udalak eskertu du taldearen ekarpena, eta gonbidapena luzatu die gainontzeko elkarte, eragile eta herritarrei “egiteko geratzen den bidean ere parte har dezaten”.
Bide beretik, Itsas Mendi elkarteak urtetan egindako lana aitortu nahi izan du publikoki udalak. Elkartearen egoitzan izan da urte askuan Donibaneko liburutegia.
Komunitatean txertatu nahi
Udal arduradunen arabera, jendartearen aldaketa eta teknologiaren garapenaren ondorioz, beste urrats bat aurrera egin eta biblioteka ezinbestean tokiko komunitatean txertatu beharra dago.
Helburu horri begirakoak dira orain arte emandako pausuak eta ildo beretik doaz biblioteka berrirako zehaztu dituzte helburuak eta lan ardatzak. Gai hau hizpide mahai-inguru interesgarri bat antolatu dute ekainaren 1erako, Pasaiatik kanpoko esperientziak adibide jarriz.
Egitaraua:
Ostirala, hilak 25:
- 18:00: Inaugurazio ekitaldia.
- 18:30: Lintxua Dantza Taldearen emanaldia.
- 19:00: Hamaika bueltan antzerkiaren lagunen emanaldia.
- 19:30: Luntxa
- 20:30: Jabier Muguruzaren kontzertua, Juanba Berasategi Aretoan, doan. Leiho bat zabalik disko berria aurkeztuko du.
Larunbata, hilak 26:
- 11:30: Aterpe Elkarteko aiton-amonekin poltsak josteko tailerra.
- 11:30: Irakurketa kolektiboa.
- 12:30: Xuxurlariak taldearen emanaldia, Kulturgunetik hasita, Santiago plazaraino.
- 17:30: Maite Frankok eta Omaymak Esku bete ipuin kontaketa eskainiko dute, euskaraz eta zeinuen hizkuntzan.
Hilak 31, osteguna:
- 17:30: Bells musika tresnaren tailerra Felipe Ugarterekin.
- 19:00: Ramon Aizpurua eta David Zapirainen eskutik, Kakaoaren ibilbidea: Caracaseko Errege Konpainia liburuaren aurkezpena.
Ekainak 1, ostirala:
- 18:00: Liburutegiak eta komunitatea, profesionalen eta herritarren arteko mahai-ingurua.