Altamira auzoko parte hartze prozesuaren barruko hitzordu garrantzitsuena da Altzate Auzo Elkartearen egoitzan egingo duten batzarra.
Altamirako anfiteatroa.
Bihar arratsaldean (asteazkena, hilak 23) Lezoko Udalak Altamira auzoaren gainean planteatu duen
parte hartze prozesuaren beste urrats bat egingo dute. Tailerrari eutsiko diote oraingoan, “auzoaren beharren eta Altamirako anfiteatroaren balizko erabileren gainean” eztabaidatzeko, udalak esan duenez. Altzate Auzo Elkartearen egoitzan egingo dute saioa, 17:00etan hasita. Auzotar oro joan daiteke jarduerara.
Igandean itxiko da auzoaren gaineko parte hartze prozesua. Horren barruan, informazio gunea jarri du udalak auzotarrek kezkak zuzenean jasotzeko, eta horrez gain, auzo elkartearen egoitzan nahiz igerilekuan postontziak jarri ditu, eskuorri bidez —aurretik auzotarren postontzietan banatu zituen udalak— proposamenak helarazteko.
Online bidezko ekarpenak ere egiteko aukera eman du udalak bere webgunearen bidez.
Udalak 40.000 euroko partida du prest auzoan inbertitzeko. Horrez gain, anfiteatroaren inguruan egon daitezkeen ekarpenen arabera zehaztuko da eremu horretan egin daitekeen inbertsioaren zenbatekoa.