Hiru gazteek akusazioak ukatu egin dituzte epaiketan, manifestaziora joan zirela baina ondorengo liskarretan ez zutela parte hartu esan zuten asteleheneko saioan.
Iruñean atxilotutako lau gazteen gurasoen agerraldia iazko martxoan.
Gaur egin dute Oreretako hiru gazteen kontrako epaiketaren bigarren eta azken saioa. Oreretako hiru auzipetuez gain, Beasaingo gazte bat ere epaitu dute Iruñeko gertakarien harira. Lekuko baten deklarazioa eta ondorioen txanda heldu da gaurko saio horretan Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak kalifikazioa mantendu du bere ondorioetan, hiru gazte oreretarrei eta beasaindarrari “desordena publiko terroristak” egotzi dizkie, eta hasieran egindako zigor eskaera mantendu du, zazpi urteko espetxe zigorra, hain zuzen ere.
Asteleheneko saioan Oreretako hiru gazteek fiskalaren akusazioak ukatu egin zituzten, manifestazioan izan zirela, baina ondorengo liskarretan ez zutela parte hartu esan zuten, eta proba gisa aurkeztutako argazkietan azaltzen diren gazteak direnik gezurtatu egin zuten.
Epaiketa amaitu eta berehala abiatu dira Madrildik auzipetuak eta haien senideak, eta haietako baten aita den Patxi Petrirenarekin hitz egin du HITZA-k. Epaiketaren gaineko balorazioa egin du errenteriarrak. Hasieratik defenditu duten ideia ekarri du gogora Petrirenak: “Zerbait garbi gelditu bazaigu, lehendik ere garbi genuena da, honek ez zuela honetara iritsi behar. Epaiketan are garbiago gelditu zaigu hori. Fiskalak eutsi egin dio kalifikazioari, eta zazpi urteko espetxe zigor eskaera mantendu du”. Defentsak fiskalaren kalifikazioa ukatu duela eta horretarako “arrazoi oso zehatzak” baliatu dituela nabarmendu du Petrirenak, eta liskarretan parte hartu izana ere ukatu dutela auzipetuek erantsi du, “kontrakorik ez da inola ere frogatu epaiketan”.
Abokatuak absoluzioa eskatu du Oreretako hiru gazteentzat. Kalte ordainei dagokienean berriz, 45.000 euro eskatzen dizkiete, kalte edo lesioetan zer ikusia izatea leporatu beharra dagoela zehazki nabarmendu du Anabel Barcenak, auzipetutako gazteetako baten amak, “ez da hori kasua, eta defentsak hori argudiatu du”.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren izaera “bereziak” lasaitasunerako tarterik ez diela ematen esan du bestalde, Petrirenak, “lasai ginateke ez balitz den bezalako auzitegi berezia”. Epaia jasotzeko eperik ez diete zehaztu, “ez dakigu hilabete barru helduko den, beranduago emango duten, ez daukagu informazio zehatzik. Zain gelditu behar”. Tentsio handiz bizi dituzte epaiketa aurreko egunak, baita epaiketaren bi saioak ere, eta tentsio hori ez dela desagertu aitortu du, “pasatu behar zen trantzea pasa dugun sentsazioarekin gaude, eta alde batetik lasaituta, baina ez erabat”.
Datozen egunetan bilduko dira epaiketa eta egoeraren gaineko balorazioa egiteko, “ahalik eta azkarren egiten saiatuko gara eta bertan erabakiko dugu aurrerantzean zein mobilizazio egin eta zein ildo jarraitu”.