Klik Egunaren barruan ekitaldi ibiltaria egingo dute, 19:00etan Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. Ekainaren 10eko giza katea indartzea dute helburu.

Atzo (asteazkena) aurkeztu zuten Klik Eguna.
Larunbatean, 19:00etan eta Gurutze Santuaren plazan hasita, Klik Eguna egingo dute Lezon. Gure Esku Dago-ren (GED) herriko taldeak ekainaren 10eko giza katea berotzeko antolatu du jarduera, motorrak berotzeko. Ekinaldi ibiltaria da, plazatik hasi eta herriko gune ezberdinetatik joango direlako partaideak, eremu horietako bakoitzean emankizun bat izango delarik.
Koruak, dantzariak, abeslariak, musikariak, bertsolariak, antzerkia… Herriko elkarte eta eragileek bat egin dute Klik Egunarekin, hortaz, erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 10ean egingo den giza katearekin. Eta GEDeko kideek herritar oro ikusi nahi dute ekitaldian, gonbita egin diete egun bereziaren partaide izan daitezen, “aktiboki parte hartzera dei egiten dugu”.
2018an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sor daitezkeela uste dute Lezoko GEDeko kideek, ziklo berri batean sartuko baita haien ustez Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko eztabaida. Baina aukera hori sortu behar dela diote, “erabakitzeko eskubidearen aldeko ekaitz perfektua sortzeko aukera handiak ikusten ditugu”. Horretan, herritarren ekarpena ezinbestekotzat eman dute. Eta ekarpen hori, erabakitzeko eskubidearen aldekoa, gizarteko esparru guztietan aurki daitekeela baietsi dute.
Ekainaren 10ean Donostia. Bilbo eta Gasteiz batzen 100.000 lagun espero dituzte GEDeko kideek, 201,9 kilometro horiek lotzeko. Lezoarrek euren tartea dute bertan, Zarautz eta Getaria artean
500 herritar bildu nahi dituzte. Han egoteko, aurrez izena eman behar da. Badaude aukerak, eta honakoak dira:
- Larunbatean bertan Klik Egunean.
- Ostiralero Tiñelu atarian jartzen duten mahaian, 19:00etatik 21:00etara.
- Astelehenero Kultura Aretoan jartzen duten postuan, 18:30etik 20:00etara.