Familia, hezitzaile eta hezkuntza proiektu ezberdinetako pertsonak bilduko dira jolasGUNEAN errespetua oinarri duen hezkuntza sustatzeko.
Fanderiako Bakearen Parkeak hartuko du jolasGUNE jaia.
Jolasaren eguna izango da hilaren 27an, eta horren harira, Haziz Hazi Elkarteak —hezkuntza,haziera eta bidelaguntza sareak— aurreko bi urteetako arrakasta ikusita, hirugarrenez antolatu du JolasGUNE jaialdia. Aurten Errenteria-Orereta aukeratu du, gainera, eta Fanderiako Bakearen Parkean egingo du egun osoko egitaraua. Eguraldi txarrarekin, Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian eta Merkatuzarren egingo dute jaia.
Jendarte osari zabalik dagoen iniziatiba da jolasGUNE. Aldarrikapen nagusia, jolasa, bizitzako etapa guztietan, ikaskuntza eta hazkuntzarako baliabide nagusitzat hartzea du. Familia, hezitzaile eta hezkuntza proiektu ezberdinetako pertsonak bilduko dira jolasGUNEAN errespetua oinarri duen hezkuntza sustatzeko, benetako beharrei erantzunda eta bakoitzaren erritmo naturaletara egokituta.
Jaialdiaren barruan hezkuntza proiektu bakoitzaren informazioa, hitzaldiak, tailerrak, jolasak, musika eta paella jate herrikoia antolatu dituzte. Hainbat sorpresa ere iragarri dituzte.
Egitarau zabala antolatu dute eta hitzaldi interesgarriak eskainiko dituzte: adimen emozionalaren gainean arituko da Aingeru Oiartzabal, hezkuntza aniztasunaren gainean Haziz Hazi, kalitatezko eskolaz Ane Ablanedo eta komunikazio ez bortitzaz Kontxi Ruiz. Horrekin batera, hamahiru tailer antolatu dituzte. Egitarau osoa,
hemen kontsulta daiteke.