
Arrosak beti dituzte harmailetatik zaleak bultzaka. Argazkia: Ainhoa Bonifacio.
Aurtengoa ez da izan Donibane Eskubaloiaren denboraldirik onena, baina hala ere, klubak zaleei eskerrak eman nahi dizkie eta horretarako festa bat antolatu du biharko, Donibaneko plazan, denboraldia agurtu eta eskubaloia sanjuandar guztiei gerturatzeko asmoz.
15:30ean emango diote hasiera jaiari, Bizkaia plazatik kalejiran irten eta herria girotzeko Santiago plazara bidean. Plazara iritsira, Donibane Eskubaloia taldeko jokalariek jolasak antolatuko dituzte haurrentzat, beti ere baloiaren bueltan, eta 17:30ean, “denboraldiko partidarik zailena” jokatuko dute. Plazan elkartuko dira gaur egungo jokalariak, jokalari ohiak, zaleak, eta egun batez jokalari izan nahi dutenak. “Umore ona eta irriak ziurtatuta daude, eta behar den bezala, hirugarren zatia ere bai”, iragarri dute klubeko iturriek.
Partida bukatuta eta indarra berreskuratzeko asmoz afari-merienda egingo dute Ziaboga Bistrotek prestatuta eta 20:00etan omenaldia izango da. Aurten, eskubaloi federatuan aritzen diren jokalari guztiak omenduko dituzte, Donibanen ari direnak zein herritik kanpo ari diren beste pasaitarrak “Donibanen eskubaloia oso bizirik dagoela erakusteagatik”.
Rock kontzertua ere antolatu dute, 7th Story Killersen taldearen eskutik. Plazan bertan izango da, 20:15etik aurrera eta debalde.