Kopako bigarren proba izango da, Pasaia Kayak-ek antolatuta.
Iazko proban, Lander Rodriguez Ion Carballorekin lehian, probaren buruan. Rodriguezek irabazi zuen.
Ia hamalau kilometro, horietako batzuk badia barruan eta beste hainbat bokalearen kanpoaldean. Horixe igandean (hilak 27) Pasaian lehiatuko den Euskadiko Itsas Kayakeko bigarren proban parte-hartzaileek osatu beharko duten ibilbidea.
11:00etan hasiko da proba, Trintxerpeko kaitik abiatuta. Arandora arte irtengo dira lehenik palistak, handik Emisarioaren buiara arteko zatia osatzeko eta han lehen ziaboga egiteko. Arandora itzuli eta Mendebaldeko Bantxan egingo dute bigarren ziaboga, eta Arandora bueltan hirugarrena eta azkena. Trintxerpeko kaian bukatuko da proba.
30 K-1 inguru
Guztira, senior eta beteranoen mailako 30 K-1 inguruk parte hartuko dute igandeko lehian, eta faborito nagusi Lander Rodriguez pasaitarra. Rodriguezek irabazi zuen lehen proba Ulibarrin eta garaipena berresten saiatuko da badian.
Garaipena lortzeko bidean, baina, beste pasaitar bat izan daiteke bere aurkari nagusi, Xabi Ruiz de Aretxabaletak debutatu egingo baitu, etzi, itsasoko proban, K-1ean. Berez, ur lasaietako eliteko palista da, nazioarteko lehian aritzen dena, eta itsasoaren egoera gora behera, litekeena da oso ondo moldatzea probarako atonduko duten ibilbidean.
Beteranoen kategorian, azkenik, Fortuna taldeko Joxemari Villagarcia da faborito argia, eta kontrario izango ditu, Santanderreko ordezkari Pablo Fernandez de Velasco eta Paco Calatayud.
k-2an parte hartzea ez da oso handia izango, baina lehia oso erakargarri bat ikusteko aukera izango da. Nor baino nor, Donostia Kayak-eko bikotea Imanol Burguera buru eta Zumaiako Itxas Gain taldekoa Oier Aizpuruak gidatuta.
Taldekako sailkapenean, azkenik, ikusteko dago zein gailenduko den, lehia oso irekia egongo baita, Barrikako ordezkaritza tartean.
Aiora eta Zunzunegiren debut txukuna
Iñaki Lois entrenatzailea, Laura Zunzunegi eta Aiora Irazurekin Verducidoko urtegian, Pontevedran.
Kadete Mailan, lehengo asteburuan jokatu zen Galizian ur lasaietako distantzia olinpikoko Espainiako kopan, eta Aiora Irazu oiartzuarrak eta Laura Zunzunegi pasaitarrak oso debut txukuna egin zuten, k-1ean zein K-2an. Donostia Kayak taldearekin lehiatu ziren biak.
Bakarkako lanean Irazuk finalerako sailkatzea lortu zuen, eta azkenik, zazpigarren tokian helmugaratu.
Zunzunegik ez zuen finalerako txartela lortu, baina etsi ez, eta B finalean bigarren izan zen, eta 11. sailkapen orokorrean.
K-2an finalerako sailkatu eta zazpigarrenak izan ziren helmugan.