Palista pasaitarra azkarrena izan da igandean badian lehiatu den Euskadiko Kopako Itsas Kayak-eko proban.
K-2 garailea Emisariorako bidean; Burguera aurrean eta Vilariño txopan.
Etxean jokatzeak ematen duen abantaila ederki baliatu du Lander Rodriguezek Euskadiko Kopako Itsas Kayak-eko bigarren proban gailentzeko. Pasaiako badian jokatu da estropada, lehengo igandean, Pasaia Kayak-ek antolatuta. Maila goreneko aurkariekin lehiatu behar izan duen arren, Rodriguezek nagusitasun osoz irabazi du proba, 12 segundoko aldea ateraz bigarren sailkatuari, Xabier Ruiz de Aretxabaletari.
Bi pasaitarren atzetik Victor Doux Itsas Kayak-eko Frantziako txapeldunordea helmugaratu zen. Azken orduan eman zuen probarako izena palista frantziarrak, pasaitarrak estutuz, baina etxekoek ezustean harrapatu zuten irteera oso azkar batekin, eta frantziarra, gerora ez zuen aldea nahikorik murrizterik lortu.
Aritz eta Antton Araneta anaiak iritsi ziren laugarren eta bosgarren postuan hurrenez hurren, taldeari ekarpen oso garrantzitsua eginez taldekako sailkapenari begira.
K-2an Donostia Kayak taldekoak izan ziren azkarrenak. Vilariñok eta Burguerak minutu bat eta 47 segundoko aldea atera zieten Zumaiako Itxas-Gain taldeko Aizpurua anaiei.
Pasaitarrak, taldekako sailkapenaren buru
Zumaiako K-2a, atzetik Lander Rodriguez dutela uberari eutsi nahian, eta atzerago Xabi Ruiz de Aretxabaleta, lehen ziabogara heltzen.
Taldekako sailkapenean Pasaia Kayak nagusitu da, 88 punturekin. Piraguismo Santander taldea izan da bigarrena, 70 punturekin, eta Barrikako taldea hirugarren 68 punturekin.
Kopako sailkapen orokorrean, azkenik, Pasaia Kayak-ek jarraitzen du lider 180 punturekin; Zumaiako Itxas-Gain da bigarren 102 punturekin, eta Donostia Kayak hirugarren 93 punturekin.
Plentzian jokatuko da Euskadiko Kopako hirugarren jardunaldia, ekainaren 10ean.