Kontsumo arduratsua sustatu eta herritarren artean kontzientziazioa zabaltzea du helburu ekainaren 2tik 7ra bitartean egingo den Energia Azokak.
Energiaren Astearen aurkezpena egin dute Julen Mnedoza alkateak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak.
Energiaren Astea antolatu du bigarrenez Errenteriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Kontsumo arduratsua sustatu eta herritarren artean kontzientziazioa zabaltzea du helburu, herritarrek beren kabuz, egunerokotasunean, energia erabileraren alde jardun ahal izateko eta ingurumen kontzientzia handiagotzeko. Gaur eguerdian aurkeztu dute astea Julen Mendoza alkateak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, eta biek nabarmendu dute halako iniziatibak antolatzearen garrantzia.
Energiarena gai klabea dela esan du Mendozak, “plan estrategikoaren barruan, ildo estrategikoa da energiarena guretzat, garrantzitsua oso. 2010. urterako errenteriarrok 2007an baino %20,16 gas isuri gutxiago egiteko helburua jarrai dugu Errenteriako Energia Iraunkorreko Ekintza Planaren barruan”. Erronka horren aurrean pausuak emateko interesgarriak diren jarduerak antolatu dituztela erantsi du.
Energiaren astearen barruan hitzaldiak, film emanaldia, eta azoka antolatu ditu Errenteriako Udalak. Aldundiak berriz, Argitu tailerrak antolatu ditu, eta bestalde, Usurbilgo Lanbide Eskolak egingo duen energia azoka finantzatzen parte hartu du. Astearen barruan, eguzki plaka fotovoltaikoen bidezko autokontsumoa bideragarria dela jakiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Jardunaldia ere antolatu du udalak administrazio publikoko langileentzat goizez, eta enpresa eta norbanakoentzat arratsaldez, “etxeetan eta bizilagun komunitateetan kosturik gabeko edo kostu txikiko neurrien bidez energia aurreztu daitekeela irakatsiko digute”.
Aipamen berezia egin dio Mendozak
Una verdad muy incomoda: ahora o nunca filmari, “mundua aldatzera bultzako gaituen filma doan ikusteo aukera izango da Niessen Kulturgunean”. Energia Astearen egun nagusia ekainaren 2an izango da (larunbata). Egun horretan egingo dute Energiaren Azoka Zumardian, eta besteak beste, energia berriztagarri eta energia eraginkortasunaren gainekoen berri emango dute Usurbilgo Lanbide Eskolako kideek. Errenteria-Oreretako asmatzaile den Oscar Jimenezen proiektuak ezagutzeko aukera ere izango da azokaren barruan, Eko-Oiz elkartearen parte hartzea izango da, eta Hibaika Arraun Elkarteko haur eta kadeteek Watt erronka aparta egingo dute ergometroekin energia ekoizpenerako. Azken horren gainean zalantzarik ez du Mendozak fundamentuzko erronka egingo dutela, “arraunlari bikainak dira eta energia kopuru handia ekoizteko gai izango diren zalantzarik ez dut”.
Ibilgailu hibrido eta elektrikoek ere izango dute tartea azokan, zehazki, 6 auto markek 10 ibilgailu izango dituzte ikusgai, eta tartean motor elektriko bat.
Herritarrekin lanean
Energiaren Astea bezalakoak ezinbestekoak direla esan du Alonsok, “herritarrekin egiten den lana zuzena delako, ez beraientzat, baizik eta beraiekin”. Energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko formazioa eta hezkuntza eskaintzen duela asteak erantzi du diputatuak, “Gipuzkoan %96ko dependentzia dugu. Hori murrizteko ezinbestekoa dugu kontzientziazioa, baita hezkuntza ere”.
Argitu tailerren gainean mintzat da, bestalde, “helburua da argindar kontsumoaren murrizketa era erraz batean sustatzea, Gipuzkoako etxebizitza, saltoki eta enpresa txikientzako baliabideen bidez. Energia azokaren bidez, jendeak energia iturri berri eta garbiak eta kontsumo eraginkorreko teknologiak ezagutzea da. Teknologiak ikusi eta ukitu egingo ditu bertaratzen denak. izan ere, aurrez aurreko ezagutza ezinbestekoa da beldurrak uxatzeko eta ezagutza zabaltzeko”.
Mendozak eta Alonsok herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera, “ongi inbertitutako denbora izango da”.
Energia Astearen egitaraua
- Ekainak 2, larunbata: 10:00etatik 14:00etara Energia Azoka, Watt erronka eta etorkizuneko ibilgailuen erakusketa Zumardian. (Eguraldi txarrarekin Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian izango da).
- Ekainak 4, astelehena: 16:00etan Nola aurreztu energia termikoa eta elektrikoa bizilagun komunitatean hitzaldia Rafa Irastorza Uhin enpresako ingeniariaren eskutik Xenpelar Etxean.
- Ekainak 5, asteartea: 19:30ean Una verdad muy incomoda: ahora o nunca filma Niessen kulturgunean, doan.
- Ekainak 6, asteazkena: 11:00etan, 14:30ean, eta 18:00etan Energia eraginkortasunerako Argitu Tailerra Xenpelar Etxean.
- Ekainak 7, osteguna: Autokontsumoa posiblea da I. jardunaldia 11:00etatik 14:00etara administrazio publikoko eraikinetan eta industrua sektorean ari direnei begira instalazio fotovoltaikoez arituko dira. 18:00etatik 20:00etara jardunaldi bera norbanakoei eta etxebizitza komunitateei begira.
Egitarau zehatzagoa
Herri Bizian kontsulta daiteke.