Martiarenari birziklapena sustatzeko borondaterik ez izatea egotzi dio Lezon Ondo Ai Ginen taldeak, baita auzo konposta egiten duten familien kopurua jaitsi izanaren erantzukizuna.
Guillermo Lazon auzoko konposta gunea hutsik. Argazkia: Lezon Ondo Ai Ginen.
Auzo konposta egin nahi duten familia kopurua jaitsi izana da Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak erabili duen argudioetako bat Guillermo Lazon auzoan auzo konposta gunerik ez jartzeko. Hala jakinarazi du Lezon Ondo Ai Ginen taldeak, eta erabakia gogor salatzearekin batera, Martiarenari birziklapena sustatzeko borondaterik ez izatea egotzi dio, baita auzo konposta egiten duten familien kopurua jaitsi izanaren erantzukizuna.
Lezon Ondo Ai Ginen taldeak joan den astean salatu zuen alkatea galarazten ari zela Gillermo Lazon auzoan auzo konposta gunea jartzeko zortzi familiek egindako eskaera. Gunea bertan kokatzeko, arazo teknikorik ez dela eta udal teknikoen iritziaren kontra egiten ari dela gaineratu zuten. Azken horiek auzo konposta gunea jartzeko lau proposamen aurkeztu zizkioten alkateari Lezon Ondo Ai Ginen taldeak jakinarazi zuenez, “baina guztiei ezezkoa eman die Martiarenak”. Lezon Ondo Ai Ginen taldeari erantzunez, udalak adierazi zuen atzo, herrian ez direla auzo konposta egiteko gune gehiago jarriko, aztertu diren kokapenak ez zirelako egokiak, eta dauden guneek konposta egiteko aukera bermatzen dutelako.
Arrazoi horiek ez dutela “ez hanka ez buru” erantsi du Lezon Ondo Ai Ginenek, “gure ustez alkateak lagundu egin beharko luke Lazonen gune berria jartzea eta herrian auzo konposta bultzatu beharko luke, ez du ordea, borondaterik, eta horrelako gunerik begien aurrean ezin du ikusi. Hori da gune hau martxan ez jartzeko arrazoi bakarra”.
Joxean Sanchez Ingurumen zinegotziari ere egin dio erreferentzia taldeak, “ez dakigu zein den bere papera, ingurumen delegatu gisa kobratzen du, baina ez da hura ikusten, ez da existitzen”.