Larunbatean estreinatuko du Haatik dantza konpainiak bere azken lana, Trintxerpeko Zirizan.
‘Lau eme’ren entsegu irekia, Zirizan, martxoaren 8an.
Emakumeen borroka ardatz harilkatu du
Haatik Dantza Konpainia pasaitarrak bere azken lana,
Lau eme izenburupean. Larunbatean estreinatuko dute, 20:00etan, Trintxerpeko Zirizan. Irati Sorondo, Anne Jauregi, Nagore Zabala eta Amaiur Luluaga dira dantzariak, eta Aiert Beobideren zuzendaritzapean landu dute 20 minutuko pieza.
Dantza konpainiak jakinarazi duenez, “zapalduak eta otzanak ziren garaiko emakumeek emango diote hasiera piezari”. Piezan zehar, baina, bilakaera bat izango da, “borroka feministak historian zehar emandako aurrera pausoak erakutsi nahian, gaur egungo emakumearengana iristeko, “itxuraz libre eta independientea, baina oraindik euren jokabideengatik uneoro epaitzen duen gizarte batean”.
2011. urtean sortu zen Haatik eta ordutik ekoizpen propioak eskaintzen ditu konpainiak, “euskara eta euskal kulturaren oinarrian”.
Errimak Oinetan ikuskizunarekin egin zen ezagun taldea, eta
Hormek Diote ikuskizunarekin ere eman dute zer esana. 2014an
Itsas Lapurrak estreinatu zuten kaleko ikuskizunen aldeko apustua eginez, eta, orain berriz ere, kalera dantzan irteteko prest dira, emakumeen borrokari dantzaren bitartez ikusgarritasuna emanez.