Bost lerroko diru laguntza sistema du abian Lezoko Udalak. Aurten lehen aldiz nazio mailako erakundeek lor ditzakete laguntzak
Kaleko denda, elkarte edo bestelakoen errotuluak euskaraz jartzeko laguntza ere badu udalak.
Lezoko Udaleko Euskara Sailak erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei oro har eta merkatariei euskararen ezagutza, erabilera eta ikusgarritasuna handitu dadin. Horren harira, bost lerroko diru laguntza sistema du. Hori balia dezaketela esan die herritarrei. Informazio osoa
Lezoko Udalaren webgunean ikus daiteke. Bertan dago ere eskaera inprimakia lortzeko aukera.
Laguntzen zerrenda azken urteetan egindakoaren antzekoa da. Baina badago berritasun bat: lehen aldiz, nazio mailako erakundeak deialdi berberean kokatu dituzte.
Lehen atala euskara ikasteko laguntzena da. Ikasturte honetan ikasten egon direnek, hilaren 29ra arteko epea dute laguntza eskatzeko. Uztaila-iraila epealdian euskaltegietan izena ematen dutenek, berriz, urriaren 20ra arte dute tartea euskara ikasteagatik prest dauden diru laguntzen deialdian sartzeko. Kasu horietan, izena herriko Oroitzene AEKn edo beste edozein euskaltegitan emateaz gain, %85eko asistentzia bermatu beharko dute eskatzaileek. Baina bada derrigorrezko beste baldintza bat: Lezon gutxienez urtebetez erroldatuta egotea.
Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) edo Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan, euskarazko jardueretan izena ematen dutenek ere badute matrikula ordaintzen laguntzeko partida. Ikastaroa bukatuta, eta betiere 2018aren barruan egin behar dute laguntza eskaera ikastaro horietan izan direnek, Lezon erroldatuta egotea delarik (noski, ikastaroetan parte hartzea ere) derrigorrezko baldintza.
Aisia eremuan dabiltzanek ere izan dezakete laguntza. Aisia begirale edo zuzendari ikastaroa, euskaraz, egin dutenek badute aukera horren kostua ordaintzeko, eskaerak 2018a bukatu aurretik egin behar direlarik. Baldintzak: gutxienez azken urtean Lezon erroldatuta egotea, begirale-zuzendari ikastaroa Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea, eta araututako gehienezko denboran titulua ateratzea.
Lezoz gaindiko eremuetan euskara sustatzen duten erakundeei ere emango die laguntza Lezoko Udalak, eskaera egiten badute. Euskararen normalizazioan eragiten duten esparruetan aritzea eskatzen zaie horiei, eta diru laguntza eskatzeko epea ekainaren 8ra artekoa da.
Errotuluak
Hizkuntza paisaia euskaraz izatea garrantzitsua da Lezoko Udalarentzat aldi berean. Horren harira, euren negozio edo egoitzetako errotuluak euskaraz jarri nahi dituztenentzat badago diru laguntza lerroa. Eskaera edozein momentuan egin dezakete interesdunek, baina beti, errotulua jarri aurretik. Baldintzak: lokala Lezon egotea, errotuluaren testuak euskaraz idatzita egotea, eta testu horiek euskara zuzenean egotea.