[Bideoa] Azken txanpan, saretzeko azken deialdiak
Igandeko giza katerako prestaketa lanak azken txanpan dira eta barrutietan GEDek azken deialdiak luzatu ditu.
Ekainaren 10a iristear da eta atzerako kontaketa hasia da. Horregatik, Pasaian, Gure Esku Dago-ren lan taldeak oraindik izen eman ez duten herritarrak saretzeko azken ahaleginak egiten dabiltza. Asteburuan lau barrutietan izan dira izenak biltzen, eta San Pedron, esaterako, ostiralean eta larunbatean azken ahalegin bat egingo dutela jakinarazi dute. Ostiralean 18:00etatik 20:00etara egongo dira frontoian saretu nahi dutenen datuak jasotzen, eta larunbatean, giza katearen bezperan, 12:00etatik 14:00etara. 174 pertsona saretu dira San Pedron, baina gehiago bildu nahiko lituzkete.
Antxon, bestalde, Azokako Aintzaneren okindegian eta Albertoren fruta dendan izena eman daitekeela gogorarazi dute: Aintzanerenean, 08:00etatik 14:00etara, eta Albertorenean 08:00etatik 14:000etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Iganderako egitaraua ere zabaldu dute. 09:30ean abiatuko dira antxotarren autobusak Luzuriagatik Itziarrera bidean, eta han, Itziarren 10:30ean hasiko da egunerako propio landu duten festa, DJ Karlosekin, mutxikoekin, eta bestelako musikari eta dantzarien partaidetzarekin. Autobusak 14:30ean irtengo dira Itziarretik Antxora edota Donostiara bidean.
