Lezoko udaleku irekietan parte hartzeko eskaera egin duten 203 haurrek izango dute tokia uztailaren 2tik 27ra egingo diren udalekuetan.
203 haurren izenean egin dute aurten Lezoko udaleku irekietan parte hartzeko eskaera; 220 plazako eskaintza zegoenez, eskaera guztientzako badago tokia uztailaren 2tik 27ra egingo diren udaleku irekietan.
Gaur bukatu da udalekuetan izena emateko epea. Iazko eskari handia ikusita, 180 plazatik 220ra igo zuen udalak udalekuetako parte hartzaileen kupoa. Eta horri esker, izena emandako guztiek gozatu ahal izango dute herriko haurrek giro euskaldun eta atseginean egiten diren udalekuetaz: jolasak, dantzak, kantak, antzerkiak eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute.
Esan bezala, uztailaren 2tik 27rako epea dute udaleku irekiek, egun horietako astegunetan, beti 09:30etik 13:30era.
Bestalde, haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da bitarte horretan, 12 haurrek izena eman dutelako (taldea osatzeko gutxienez 8 ziren beharrezko izen emateak).
Udalekuetan parte hartuko duten gurasoei deia egin die udalak, horien xehetasunak emateko batzarra egingo duelako bihar (hilak 5, asteartea) 16:30ean eta Gezala Auditoriumean.