Pasaia Kayakeko K-2a beroketa-ariketak egiten, brankan Aritz Araneta eta txopan Lander Rodriguez
500 palista lehiatu dira larunbatean Bilbon BBKayak estropadaren bigarren ekitaldian, eta tartean izan da eskualdeko ordezkaritza zabal bat, emaitza bikainak lortuz.
Senior Mailan nabarmentzeko, Donostia Kayak taldeko Xabi Ruiz de Aretxabaletak lortutako bigarren postua kluben arteko palisten sailkapenean. Luis Amado asturiarrak irabazi dio pasaitarrari, baina segundo erdiko alde eskasarekin. Hirugarren Federico Vega izan da, hau ere asturiarra, eta bosgarren, berriz, Aitor Vilariño pasaitarra.
Senior Mailan baita ere, baina K-2an, Pasaia Kayak-eko Aritz Aranetak eta Lander Rodriguezek, ontzi berean lehian, bosgarren izan dira eta laugarren Donostia Kayak-eko K-2a, Ruizek eta Vilariñok osatua. Bikote portugaldar bat gailendu da k-2an, hainbatetan Europako txapeldun izan den Jose Ramalho buru.
Emakumeen Senior Mailan, berriz, nabarmentzekoa Amaia Benavente eta Haizea Orbegozo errenteriarrek lortutako bigarren postua, Santiagotarrak taldearen ontziaren atzetik.
Beteranoak eta gazteak fin
50 urtetik beherako Beteranoen Mailan, bestalde, beste bigarren postu bat erdietsi du Pasaia Kayak-eko kirol arduradun Imanol Burguerak.
Eta ezin aipatu gabe utzi, azkenik, Donostia Kayak-eko neska gazteek Kadeteen Mailan lortutako garaipena. Aiora Irazu oiartzuarrak irabazi du, eta Laura Zunzunegi pasaitarra izan da bigarren. Haurren Mailan, nesketan ere, eskualdeko palistak nagusi: Eider Irazu eta Maddi Tarragonak irabazi dute estropada.
Kluben arteko sailkapenean, Santiagotarrak garaile, Donostia Kayak bigarren, eta Club Palentino hirugarren.