Berri Txarrak taldea San Pedron izan da Nexgraff-en grafitiak erakarrita.
14 urte besterik ez ditu Nexgraffek, eta obsesio bat, marraztea eta grafitiak sortzea; aitarekin batera ikasi eta elkarrekin aritzen dira sortzen. Sanpedrotarren grafiti ikusgarriek ez dute inor epel uzten
Zuen grafiti batek erakarrita Berri Txarrak taldekoak izan dira San Pedron. Sorpresaz harrapatu zaituzte bisitak?
Nextor Otaño Nexgraff:Hasieran ez nuen halakorik espero. Uste nuen marrazkia egin eta hor geratuko zela, besterik gabe. Harrituta geratu ginen esan zigutenean etortzekoak zirela.
Aitor Otaño: Hiru T’erdi kafetegian kontatu ziguten Hamaika Telebistakoak egon zirela bertan kafea hartzen, eta haiek kontatu zietela biharamunean Berri Txarrak-ekin etortzekoak zirela. Guri sorpresaz harrapatu gintuen guztiak. Nextorrek ikastolara joan behar zuen, eta nik lanera, baina zorionez, tarte txiki batez haiekin izateko aukera izan nuen. Oso jatorrak.
Eta zergatik erabaki zenuten Berri Txarrak-en grafitia egitea?
Otaño: Gure arteko eztabaida batekin hasi zen dena. Mundu globalizatu honetan, kanpoko kultura kontsumitzen dugu eta dena nahasten doa. Nextorri gustatzen zaizkio kanpoko raperoak eta Wiz Khalifa margotu zuen, eta nik, ondoan Maialen Lujanbio margotzea erabaki nuen, gainera, justu hark bigarren txapela irabazi zuenean. Omenaldi bat da emakumeari, bertsolarien mundua gizonezkoen mundu bat delako eta Maialenek bigarren txapela irabazi izana kristorena delako. Horrela hasi ginen eta horrela jarraitu dugu. Gure arteko dialektika da. Nextorrek Eminem margotzea erabaki zuen, eta nik Berri Txarrak.
Aita-semeak zarete, eta normala denez, iturri ezberdinetatik edaten duzue…
Nexgraff: Bai, nik rapa entzuten dut, eta batez ere kanpoko musika. Snoop Dogg margotu nuen ere bai, Eminem, Hard GZ… Baina hemengo raperoak ere entzuten ditut. Irungo Culto Cultivo, Glaukoma…
Rapa eta arte urbanoa eskutik doazen bi adierazpide dira.
Nexgraff: Bai, nik behintzat betidanik entzun dut rapa, eta rap bideoklipetan beti ateratzen dira grafitiak.
Eta zuk, Aitor, rap musika gustuko duzu?
Otaño: Bai, nik ere entzun izan ditut Negu Gorriak, Public Enemy, Rage Against the Machine… gustuko izan ditut.
Eta nolatan hasi zinen grafitiak egiten?
Otaño: Margotzea betidanik gustatu izan zaigu bioi. Duela urtebete inguru Nextor hasi zen esanez grafitia egin nahi zuela, eta orduan Egian bizi zen InnovArt 19ko Mikel Herrerorekin ikastaro bat egin genuen. Ikastaroa aurrera ateratzeko lau lagun elkartu behar genituen. Nextorrek bi lagun animatu zituen, eta laugarren bat behar zutenez ni neu animatu nintzen. Zortzi ostiralez joan ginen margotzera Mikelekin, eta ordutik gure kabuz hasi, eta orain arte.
Baina biek marrazten zenuten aurretik, ezta?
Otaño: Nik betidanik margotu dut. Olioa, akrilikoa, akuarela… Londresen ere ibili nintzen margotzen, baina probatu nuenean espraia, eta espraiak ematen dizun azkartasuna di-da batean gauza handiak egiteko, katigatu nintzen. Ordutik ez gara geratu.
Zure kasuan, Nextor, zergatik nahi zenuen grafitia egin?
Nexgraff: Ni beti letrak egiten saiatzen nintzen eta espraiarekin probatzeko gogoa nuen. Gurasoei esan, eta hasieran, mesfidati zeuden, kalean margotzeak suposa dezakeen arazoen beldur edo… Baina ikastaroa egin nuenean, aita
enrollatu zen, espraiak erosi zizkidan eta hemen, Proisaren orubean hasi ginen margotzen.
Zuen grafiti gehienak Proisaren orubean egotea ez da kasualitatea.
Otaño: Ez. Lehen, Proisaren eraikinean, mural bat zegoen, margolari ezberdinek egina, eta tartean ni ere. Nik egin nuen mural hura gaztea nintzela. Eraikina gaizki zegoen eta bota zutenean, dena bota zuten ezer errespetatu gabe. Proisan jendeak lan egiten zuen kulturaren inguruan, eta pentsatzen zuten, eta nik ere hala pentsatzen dut, eraikin hura zaharberritu zitekeela, eta hor kristoren espazioa edukiko genuela gauzak egiteko.
Lehengo grafitia Errioxan dugun etxe batean egin genuen, eta Proisako gure lagunek lan hura ikusi zutenean esan ziguten haiek materiala erosiko zutela, guk haien orubean margotzeko. Orduan margotu genituen hiru aurpegiak eta
Etxerikgabeak edo
Benetako homeless lana, Proisakoak hala sentitzen ginelako, etxerik gabe.
Joxan Artzeri ere bertan margotu diozue grafiti eder bat.
Otaño: Bai. Artze hil zenean omenaldi bat egin nahi izan genion. Gogoan dut ikastolarekin Donibaneko zinemara eraman gintuztela Artzeren performance bat ikustera. Ordutik beti izan dut oso presente. Bere obraren kalitatea itzela da, eta gainera, beti, euskara eta euskal kultura bultzatzen. Grafitiaren diseinua egin genuenean, Usurbilgo Udalari bidali genion han egiteko asmoarekin, baina ez zigutenez erantzun San Pedron egin genion omenaldia.
Basque Urban Artist gisa aurkezten duzu zure burua webgunean (nexgraff.com). Zuretzat zer da artista urbanoa izatea?
Nexgraff: Gozamena da kalean egon eta margotzeko aukera izatea. Jendea hurbiltzen zaizu, hitz egiten dizu…
Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Nexgraff: Belin oso gustuko dut. Hiperrealismoa egiten du espraiarekin; asko gustatzen zaidan beste bat Smug On da, argia erabiltzen du, eta aurpegiak margotzen ditu. Oso ona da Malagako Lalone, Insane 51, Greziako grafitilariak… Beasaingo Dizebi ere asko gustatzen zaigu. Gehienek aurpegiak egiten dituzte.
Zuri ere erretratuak gustatzen zaizkizu gehien.
Nexgraff: Bai, baina letrak ere askotan egiten ditut.
Margotzeko nolako tokiak dituzue gustuko?
Otaño: Hemen, San Pedron, bada erre egin zen baserri bat,
Pio deitzen dena, eta sanpedrotar guztiok ezagutzen duguna. Han askotan margotzen dugu, halako agertokiak asko gustatzen zaizkigulako.
Zer dute bada, halakoek, erakargarri?
Otaño: Estetika, batez ere, eta tarteka, lasaitasuna. Hemen [Proisako orubean] jendez inguraturik margotzea oso ondo dago, baina batzuetan isiltasuna ere eskertzen da.
Itsas Festibalean ere aritu zarete grafiti handi eta oso ikusgarri bat margotzen, zuzenean, Albaolan. Esperientzia oso berezia izan da, ezta?
Otaño: Bai, oso ondo egon zen, eta txundituta geratu ginen jendearen erantzunarekin. Baina nekagarria eta estresagarria ere izan zen, obra oso denbora gutxian egin beharra zegoelako. Era berean, guretzako kristoren aukera izan da eta dena eman dugu. Gauza polit eta poetiko bat egiten saiatu gara, gaiarekin harremana duena.
Errementari bat margotu duzue Albaolan. Zergatik?
Nexgraff: Argazki batzuk bidali zizkiguten, eta errementaria ikusi genuenean, gustatu zitzaigun, argia zuelako, eta tokia, berez, nahiko zurruna, hezea eta iluna delako.
Otaño: Argitasuna eta berotasuna emango zion zerbait behar genuen, eta suaren argia errementarian islatuta ikusi genuenean asko gustatu zitzaigun. Itsasoa, balea, San Juan naoa… Margotzen hasi aurreko diseinua izan da zailena.
Nolako prozesua izaten da?
Otaño: Eskuz margotzen dugu batzuetan, eta beste askotan ordenagailuaren laguntzaz konposizioak egiten ditugu, batez ere obra argazkietan oinarrituta baldin badago. Editatu, konposizioa osatu…
Etorkizunean arteaz bizitzeko itxaropenik bai?
Nexgraff: Oraingoz, gozatu, marraztu eta marraztu, eta gerora, honetaz bizitzeko aukera izango banu, ez legoke gaizki.
Otaño: Nik nire bizitza nahiko bideratuta daukat. Margotzea gustatu zait betidanik eta margotzen jarraituko dut niretzako behar bat delako, baina batez ere, Nextorri lagundu nahi diot mundu honetan aurrera egiten. Hala ere oso argi dugu artistaren karrera maratoi bat dela, gorabehera askorekin, eta oso zaila dela, batez ere hemen, arte plastikoaz bizitzea ez delako gehiegi baloratzen.
Eta hain urrun joan gabe, etorkizun hurbilean?
Nexgraff: Hilaren 16an Urban Fest-en margotuko dut beste grafitigile batzuekin, eta asteburu honetan Oiartzunen lagun baten atoia. Lizarran etxe partikular batean margotuko dugu, baita aroztegi bateko 100 metro koadroko pareta ere.
Otaño: Hor gabiltza… margotzen, gure estiloa definitzen, eta lan batetik bestera hobetzeko ahaleginean.
Proisa Eguna,
herri kudeaketa aldarri
Hilaren 16an ospatuko dute aurten Proisa Eguna, antolatzaileek nabarmendu dutenez, «udarari hasiera eman eta urte erdiko lana goraipatzearren».
Proisaren orubean izango da festa, arratsaldez, «Euskal Herriko beste gune autogestionatuetan bezala, merkatutik at dagoen kultura eta entretenimendua» eskaintzeko helburuz. Hala, 16:30etik aurrera, «fanzine, afixa eta laminak batuko dituen autoedizio azoka» izango da. Iragarri dutenez, «papera euskarri gisa maite duten hainbat egileren lanak» elkartuko dituzte azokan, guztiak autoedizioak.
20:00etan hasiko dira kontzertuak hiru talde gipuzkoarrekin: Arrotzak, Txost!, eta Tenpera. Festari bukaera DJ Orlock Kondearen erritmo dantzagarriek emango diote.