Datu zehatzak emanda azaldu du gobernu taldeak diru kopuru hori nola aurreztuko duen.
Gobernu taldeak 2019 Helburu kudeaketa plana aurkezteko egindako agerraldia iazko ekainean.
TAO zerbitzuaren
balorazioa egin zuen joan den ostiralean gobernu taldeak, zerbitzua martxan jarri eta hiru hilabetera. Arrakastatsua, horrela definitu zuten sistema berria Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar Kultura zinegotziak, eta Txaskok hainbat datu eskaini zituzten: 2.392 egoiliarrek eskatu dute zerbitzua, eta apirilean 32.960 pertsonek erabili zuten. Sistema aldatzeak 439.000 euroko balantze positiboa utzi diola momentuz udalari ere jakinarazi zuten agerraldi horretan.
Errenteriako PSE-EEk, berriz, datu horiek “
errealak ez izatea“, gardentasun falta, eta bi zerbitzu horien kudeaketa “txarra” egitea leporatu zion atzo gobernu taldeari, prentsa ohar bidez.
Gobernu taldeak banan bana erantzun ditu gaur, prentsa ohar bidez ere, alderdi sozialistak egindako adierazpen bakoitza. “Emandako aurrezpen datuak ez direla errealak eta espekulatiboak direla esan zuen PSE-EEk, baina dagoeneko eskuartean duen dokumentazioan oinarrituta erraza da ondorioztatzea gaur arte 439.000 euro aurreztu direla, eta segur asko, urte bukaerarako 800.000 euro aurreztuko direla”.
Ondorio horretara nola heldu den ere azaldu du gobernu taldeak, datu zehatzak emanda. 2017ko irailean utzi zion udalak garabi zerbitzua emateari azpikontratatutako enpresaren bidez. Zerbitzu horrek hilean 31.166 euroko kostua zuen gobernu taldeak emandako datuen arabera, “zerbitzua bertan behera gelditu zenetik zortzi hilabete pasa dira, biderkatuz gero beraz, 249.328 euroko kopurua ematen digu”. Kopuru hori ez du ordaindu udalak, udaltzainek ematen dutelako orain zerbitzu hori.
TAO zerbitzuari dagokionean, joan den abenduaren 5ean amaitu zuen kontratua zerbitzua eskaintzen zuen enpresarekin udalak, eta hilero zuen kostua, berriz, 42.430 eurokoa zen. Software bidez ematen den zerbitzu berriaren hilabeteroko kostua, berriz, 10.796,21 eurokoa dela azaldu du udalak, “alderaketak beraz, 31.634,30 euroko saldo positiboa uzten digu. Kudeaketa zerbitzu berria hasi zenetik, beraz, TAO zerbitzuak 189.805 euroko balantze positiboa utzi digu. garabi zerbitzuan aurreztu duenari TAO zerbitzu berriak eragin dituen kopuruak batuta, gaur arte aurreztutako kopurua 439.133, 88 euro dira”.
Zenbateko horri hilero 62.800,30 euro gehituko zaizkiola jakinarazi du, bestalde gobernu taldeak, eta horrenbestez, urte amaieran udalak bi zerbitzu horiekin 900.000 euro inguru aurreztuko dituela. “Kostuez ari gara, ez sarrerez, bi gauza desberdin baitira, nahiz eta PSE-EEk nahasteko ahalegina egin”, erantsi du.
Aurrekontuak publikoak
Gardentasun falta egotzi zion alderdi sozialistak gobernu taldeari, eta azken horri ere erantzun dio orain. Aurrekontuak, publikoak direla gogorarazi du gobernu taldeak. Halere, udalak garabi eta TAO zerbitzuak bere gain hartu aurretik PSE-EEk lau txosten juridiko eta tekniko izan dituela azaldu du, “txosten horietako batean ezartzen da plantillan 11 udaltzain gehiago txertatzean urtean 25.000 euroko saldo positiboa izango dela aurrezkian. Horrekin batera, alderdi sozialistak eskura ditzake lehengo eta oraingo TAO eta garabi zerbitzuen kontratuak, kontratazio mahaian parte hartzen duelako”.
Informazio hori jasotzeko beste bide bat udal aurrekontuak direla zehaztu du gobernu taldeak, “suposatzen da PSE-EEk badakiela nola erabiltzen diren udal aurrekontuak, eta bertan ezartzen da zerbitzu horien gastu aurreikuspena eta aldera daiteke aurreko urtekoarekin. Are gehiago, langileek eskatu dituztenean ere eman dizkiegu txosten horiek, gardentasun gorenaren printzipioari eutsita; ondoren, txosten horiexek erabili dituzte epaitegietan udalaren kontra joateko”.
Gardentasun faltarik ez diola leporatu dio, beraz, “txostenak mahai gainean zituelako Errenteriako PSE-EEk, beste kontu bat da irakurri dituen”.
Azkenik, zerbitzu berriak udaltzaingoak ematen duen zerbitzuan eragina izan duela salatu zuen alderdi sozialistak. Horri ere erantzun dio gobernu taldeak: “Badira urte batzuk gobernu talde honek erabaki zuela Udaltzaingoaren plantilla handitzeko apustua egitea, auzoetan zerbitzu hobea emateko. 2014an, udalak hamar plaza berri atera zituen eta iaz, beste hemezortzi. PSE-EEk egin zuena baino askoz gehiago da. Agian haien lehentasunak azpikontratak eta pribatizazioak zirelako, eta ez kalitatezko enplegu publikoa. Hazi txarretik uzta onik ez”.