Bego Lazkano, bere klubarekin, aurten Esprint Olinpikoko proba batean, Trasonan lortutako dominarekin.
Lan txukuna egin du Begoña Lazkanok Belgraden, han asteburuan jokatu den ur lasaietako Esprint Olinpikoko Europako Txapelketan. Ostiralean izan zuen lehen proba, 500 metroko K-4 proban, bere hiru taldekideekin batera. Kostata baina lan handia egin ondoren, larunbaterako finalera sartzea lortu zuten, beste 8 talderekin batera.
Lortutako denborarekin, baina, zaila zuten domina lortzeko borrokan sartzea, eta halaxe gertatu zen finalean. Zazpigarren postua eskuratu zuten, beste bi talde atzean utzita.
Atzo, esprint olinpikoko egitarautik kanpo 5.000 metroko proban lehiatu zen Lazkano. Lehen ziabogan egindako akats bat tarteko, atzean geratu zen eta hamargarren postuarekin konformatu behar izan du pasaitarrak.