250 ahots batuko baitira, Zaria Koru Eskolako ikasleenak, Nafarroa Behereko eskoletako haurrenak eta Errenteria-Oreretako sei ikastetxeetako ikasleenak.
Mujika, Elizasu eta Mendizabal gaurko Zaria Koru Eskolaren agerraldian.
Zaria Koru Eskolak jaialdia egingo du larunbatean. Ez da nolanahikoa izango, 250 ahots batuko baitira, Zaria Koru Eskolako ikasleenak, Nafarroa Behereko eskoletako haurrenak eta Errenteria-Oreretako sei ikastetxeetako ikasleenak. Zaria Koru Eskolako Maialen Otegi eta Enara Graciak aurkeztuko duten jaialdiak hiru atal izango dituela azaldu du jaialdia aurkezteko gaur egin duten agerraldian Imanol Elizasu Zariaren zuzendariak: “Denis Olhagarairen zuzendaritzapean Nafarroa Behereko eskoletako haurrek hasiko dute emanaldia musika eta euskara uztartzen dituzten bi kantekin, eta ondoren, Zaria Koru Eskolako Zariagaz, Zariatxo eta Zaria Txiki abesbatzen txanda helduko da. Azken atalean berriz, Bizarain, gamon, Egiluze, Koldo Mitxelena, Orereta eta Telleri ikastetxeetako ikasleak izango dira protagonistak”.
Zaria Koru Eskolako abeslariek bost abesti prestatu dituztela jaialdirako zehaztu du Elizasuk, “entzuleak txundituta utziko dituztenak”.
Gaztea da Zaria Koru Eskola. Hiru urte beteko dira irailean Elizasuk martxan jarri zuenetik, bide laburra egin du baina intentsua oso. Frantzia, Ameriketako Estatu Batuetan eta Alemanian izan dira Zariako abeslariak, lehiaketa ugaritan hartu dute parte, baita sari mordoa eskuratu ere. Halaber, proiektu ugaritan izan dira momentuz kolaboratzaile hainbat artistekin: Benito Lertxundi, Oscar Portugues, Patxi Zubizarreta, Maddi Oihenart, Iñaki alberti eta Haatik dantza konpiania, besteak beste.
Datorren ikasturterako ere hainbat proiektu martxan dituztela zehaztu du Elizasuk eta Zaria, gainerako koru eskoletatik haragoa doala nabarmendu du: “ahots emisioa, entzumen aktiboa eta musika irakurketa gaitasunetan trebatzeaz gain, kontzentrazioa, lanerako gaitasuna, memoria, psikomotrizitatea eta arnasketa kontzientea bezalako konpetentziak ere garatzen dituzte”.
Beste arlo bat ere nabarmendu du Zariako zuzendariak, baloreak. Horien lanketa oinarrizkoa dela eskolan esan du, eta ekintza guztietan egiten dutela haien lanketa.
Ez da bakarrik izan jaialdiaren aurkezpenean Elizasu, Ainhoa Mujika, eskolako ikasleetako baten ama, eta Lide Mendizabal Zariatxo abesbatzako kideak ere hartu dute parte. Mujikak, Zaria Koru Eskolak bertan abesten ari direnei eskaintzen dizkien esperientziak nabarmendu ditu, “jende berria ezagutu, biadaiak, gustuko dutena modu atseginean egiteko aukera izugarri aberasgarria da. Semea sei urterekin hasi zen koru eskolan, 11 ditu orain eta jarraitzen du. Adin ezberdinetako haurrak elkarrekin daude eta aberasgarria da hori ere. Abesbatzan parte hartzea ez da abestea soilik, zerbait gehiago da”.
Ildo beretik mintzatu da Mendizabal. Abesbatza ongi pasatzeko lekua omen da, jendea ezagutu eta harremanak eraikitzekoa gustuko dutena, abestu, egiten duten bitartean.
Ideia borobildu du Elizasuk, Zaria Koru Eskola ahotsaren etxea dela esan du, “larunbatean, gure instrumentua den ahotsaren inguruan 250 abeslari batuko gara emanaldi ederra eskaintzeko”. Hitzordua Fatima Andra Mariaren elizan, 20:00etan.
Izen ematea zabalik
Zaria Koru Eskolarako izena ematea zabalik dagoela maiatzaz geroztik jakinarazi dute, bestalde, eta interesdunek informazioa jasotzeko
posta elektronikoz mezua bidali, edota 635 20 09 62 telefono zenbakira dei dezakete. Talde ezberdinek egiten duten lanaren berri izan nahi dutenek berriz, aurten argitaratu duten
Zariaren harira diskoan topatu dezakete koru eskolako talde ezberdinen argazki musikala.