Bidez Bide garraio zerbitzuak 210 joan-etorri egin zituen iazko maiatzetik urte bukaera arte. Aldez aurretik deitu behar da zerbitzua eskatzeko.
Gema Agirrezabala eta Aitziber Lacambra gidariak; Noemi Arberas zinegotzia eta Behemendiko Juan Kruz Alberdi, iaz, zerbitzuaren aurkezpenean.
Urtebete da Lezoko Udalak, Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin batera Bidez Bide garraio zerbitzua abiatu zuenetik. Herrigunetik kanpo eta landa eremuan bizi diren 65 urtetik gorako, edo mugikortasun arazoak dituztenentzako garraio publiko zerbitzua da. Eta helburuak betetzen ari da. Hala, iazko maiatzetik abendura, 210 joan-etorri egin ditu autobus txikiak, orotara, 21 herritarri zerbitzua emanaz, 17 Altamirakoak eta 4 Gaintxurizketakoak (6 gizon eta 15 emakume). Aurten, urte osoan, datu horiek hobetuko direla aurreikusi dute.
Udalak ezinbesteko ematen du zerbitzua mantentzea, herritar askori aukera ematen dielako herrigunera joateko euren zereginak egitera: medikura joan, kudeaketa lanak egin, erosketak…
Zerbitzua doakoa da, eta astelehenetik ostiralera dago erabilgarri, 08:00etatik 13:00etara. Ibilgailua nahi den tokira joan dadin, egun bateko aurrerapenarekin gutxienez gidariari deitu behar zaio, 690 76 94 66 telefono zenbakira hain zuzen.