Gaur eman dituzte ezagutzera Gipuzkoako IV. Bakailaozko Pintxo Txapelketako irabazleak, Donibanen.
Jon Bizarro, Aritz Escobar eta Ever Casco dira Gipuzkoako bakailao pintxo goxoenaren egileak, Donostiako Gros auzoko Eguzki Bistro Bar tabernakoak, eta gaur Donibanen izan dira hirurak, Gipuzkoako IV. Bakailaozko Pintxo Txapelketako sari nagusia jasotzen,pozik, harro, eta, ulertzekoa denez, baita urduri ere.
HITZAri azaldu diotenez, lehiaketarako sortu duten pintxoa “ikusgarria” da, eta bakailaoaz beste, ondoko osagaiak ditu, zinez exotikoak: “laranjazko gel garratza, bermut urritua, oliba krokantea, oxalis lorea, eta tipulina krema”.
Bigarren saria Ondarribi tabernarentzat izan da, eta hirugarrena Errenteria-Oreretako Xera Gastrotekarentzat.
Bestelako aitortzak
Donibaneko Ziabogari ardoarekin hoberen ezkontzen den pintxoari saria eman diote, eta tradizioaren saria, berriz, Irungo Basque Corner tabernari. Aipamen berezi bat ere egon da, Hondarribiko Danontzat tabernaren pintxoarentzat.
Pasaiako Mimos eta Izkina tabernek diploma bana jaso dute.
Sariak banatzeko ekitaldian, parte hartzaileetako asko ez ezik, Pasaiako alkate Izaskun Gomez izan da, eta eskerrak luzatu die guztiei, parte-hartzaile, epaimahaikide eta antolatzaileei. Azken hauei eskertu egin die lehiaketa aurten Pasaian antolatu izana. Bide batez, prestutasuna agertu du alkateak aurrerantzean lehiaketa Pasaian antolatzen jarraitzeko.
Ekitaldiari sarrera, gastronomia kritikari ezagun Mikel Corcuerak eman dio. Corcuerak azaldu duenez epaimahaiak “bakailaoaren kalitate ona” bereziki baloratu du, eta berritasuna ez ezik, tradizioari ere erreparatu diotela baietsi du.
“Irudimen handiko pintxoak” topatu dituztela azaldu du, eta teknika goraipatu du, baina beti ere, printzipio nagusi bati men eginez: “Teknika, gustua eta zaporearen zerbitzura”.
Emozioa eta dibertsioa dira, Corcueraren ustez gaur egun gastronomiaren gakoak, eta zentzu horretan, lehiaketa honetan “distira handia” izan dela nabarmendu du.