Alkate ohiak berak eman die albistea etxekoei, telefono dei baten bidez. Hirugarren gradua irmoa da Amaia Agirregabiriarentzat. Hala jakinarazi dute
Agirregabiriaren gertukoek sare sozialen bidez. Zehaztu dutenez, bihar jakingo dute ostiral honetan bertan (hilak 16) edota datorren asteko ostiraletik aurrera (hilak 22) Martuteneko kartzelatik ateratzerik duen.
Erabakiaren berri emateko zabaldu duten mezuan esker oneko hitzak izan dituzte modu batera edo bestera haiekin egon diren guztiei. Sostengu Taldeari, Pasaia-Lezo Lizeoari, pasaitarrei edota beste edonongo lagunei, babes ekonomikoa eman dutenei, EH Bilduri eta baita Izaskun Gomez alkateari, “Amaia irmoki babesteagatik hasieratik bukaerara”.
Mezu berean, Agirregabiria eta Rokandio oraindik ere ez daudela libre ohartarazi dute: “Espetxera joan behar dute lotara, eta ezin dute Gipuzkoatik atera, besteak beste”. Hala eta guztiz ere, poza agertu dute aurki “fase arinago” bati aurre egin beharko diotelako.