Lander Rodriguez eta Aritz Araneta bigarren eta hirugarren izan dira asteburuan Plentzian jokatu duten itsas kayakeko proban.
Doux, Lander Rodriguez eta Aritz Araneta, Plentzian, podiumean.
Igandean jokatu da Plentzian Euskadiko Itsas Kayakeko Kopako hirugarren proba irekia, eta Pasaian lehiatu zen azken proban bezala, han izan zen pasaitarren arerio nagusi Victor Doux, Frantziako itsas kayakeko txapeldunordea. Pasaian ez bezala, gainera, oraingoan garaipenak ez zion ihes egin Douxi.
Irteera gorabeheratsua izan zen, eta Lander Rodriguezek atzetik aurrerako lasterketa egin izan behar zuen. Lasterketa burura iritsi zenerako bertan zegoen Aritz Araneta taldekidea, Zumaiako lehenengo K-2arekin, Doux frantziarrarekin, Joxemari Villagarcia donostiar beteranoarekin eta Rincon kantabriarrarekin, guztiak ziabogara bidean.
Estropadak aurrera egin ahala, baina, frantziarrak gipuzkoarrekin tartea handitzen joan zen, batez ere ziaboga ondoren, olatu dantza hastearekin batera. Doux buruan, lehia bizi eta ikusgarria osatu zuten palista pasaitarrek bigarren postua nork poltsikoratuko.
Azkenean, Doux garaile 54 minutu eta 42 segundoko denborarekin, eta Pasaia Kayak-eko Rodriguez eta Araneta atzetik , 1:05 eta 1:06 aldearekin, hurrenez hurren.
Benavente, emakume azkarrena
Plentzian lortutakoen artean nabarmentzekoa baita ere Amaia Benavente errenteriarraren lana. Emakume azkarrena izan da, marka oso ona eginez (1:05:35), eta seniorren bat atzean utzita. Adi jarraitzeko moduko bilakaera izaten ari da palista errenteriarra.
Taldekako sailkapenean Santanderreko taldeak irabazi du Plentzian, eta Pasaia Kayak eta Fortuna izan dira bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.
Euskadiko taldekako sailkapenean aldiz, Pasaia Kayak-ek sendo jarraitzen du lidergoan, Barrikarekiko eta Fortunarekiko aldea handituz.
Hurrengo zita, larunbatean dute Pasaiako palistek, Zumaian, bertan jokatuko delako Gipuzkoako Txapelketa.