Senide eta lagunak zain zituen Amaia Agirregabiriak espetxeko sarreran
250 egun luze Martutenen preso eman ondoren gaur atera da azkenik Amaia Agirregabiria Martuteneko espetxetik. 10:30ak pasatxo ziren kartzelako burdin sareak zeharkatu dituenean. Zain zituen kanpoan etxekoak eta lagunak, baita harekin batera zigortutako Iker Rokandio ere.
Honez gero biak daude, beraz, hirugarren graduan, eta hala jarraituko dute bi urte eta erdiko kartzela zigorra bete artean, kartzelara lotarako itzuliz, eta Gipuzkoatik ezin irten.
Harrera Pasai Antxon
Agirregabiria eta Rokandioren aldeko babes taldeak harrera antolatu du gaurko Pasai Antxon. 20:00etan izango da ekitaldia, Gure Zumardian. Biak zigortuta jarraitzen dutela ahaztu gabe, hirugarren graduan direla baliatu nahi izan dute taldekideei biei elkartasuna eta babesa helarazteko.