Moto ikusgarriak eta motozaleak nonahi; horixe, atzotik, panorama inguruetan. Wheels&Waves jaialdia martxan da,
eta milaka bisitari espero dituzte
Zirizako ArtRide erakusketan, Trintxerpen
Tom Curren, Steve Caballero eta Brian Bent, Zirizan, kontzertu bat inprobistazen.
Beste denaren gainetik, ospakizun bat da Wheels&Waves (W&W) jaialdia, munduan zehar batetik bestera dabiltzanen topaketa. Hala iritzi dio Trintxerpeko Zirizan antolatzen duten ArtRide erakusketaren produkzio arduradun Sancho Rodriguezek. Motozaleak, surflariak eta skaterrak, guztiak batzen ditu jaialdiak, eta egiari zor, festatik badu erakusketak, urtetik urtera Trintxerpeko Euskadi etorbidearen inguruan soma daitekeenez.
Atzo hasi zen W&W 2018 eta igandera bitarte luzatuko da. Zirizako erakusketa atzo arratsean inauguratu zuten, ohi bezala, motozaleak erruz erakarrita. Sancho Rodriguezek jakinarazi duenez, iaz, erakusketaren lehen egunean 2.500 bisitari jaso zituen Zirizak, eta atzo ere, kopurua antzekoa izango zen, ziurrenik. 5.000 bisitari jaso zituen iazko ArtRidek eta aurten kopuru berberetara iristea espero dute antolatzaileek.
Biarritzen jaio zen W&W festibala, eta han du oraindik ere egoitza nagusia, baina azken urteetan hegoalderantz hedatzen joan da. ArtRide erakusketaren zazpi ekitaldi izan dira, azken hirurak Trintxerpeko Zirizan. Horrez gain, Jaizkibelen, Hondarribian eta Lasarte-Oriako hipodromoan ere izaten du toki W&Wk. Atzo Zirizara etorri aurretik Jaizkibelen aritu ziren motorzaleak, Punk´s Peak moto lasterketan, eta sari banaketarako Hondarribira joan ziren, arratsaldean. Gerora hasi zen festa Trintxerpen, arratsaldeko azken orduan, ArtRide erakusketa zabaltzearekin bat.
Kimura eta Osawa
Motozale asko erakartzen ditu erakusketak Pasaiara.
Vintage eta
custom kulturaren erreferente bilakatu da ArtRide erakusketa. «Moto bilduma oso ikusgarriak» ez ezik, motoen, surfaren eta skatearen kulturarekin harremana duten lanak sortzen dituzten itzal handiko artisten sorkuntzekin gozatzeko aukera dago Zirizan. Derrigor aipatzekoak dira Alberto Garcia Alix, Yan Morvan, John Witzig, Brian Bent, Robert Vargas, Rene Begue edota Jj Wessels artisten lanak. Argazkiak, ikus-entzunezkoak, artelanak… dena dago aukeran.
Horrez gain, «prestatutako motoen atalean» bi harribitxi nabarmendu ditu Sancho Rodriguezek. Shinya Kimura eta Cheetah Osawa izango dira jaialdian, beren bi moto ederrak erakusteko. Atzo Jaizkibelen egin zen Punk´s Peak moto lasterketan parte hartu zuten bi motoek, eta Zirizako erakusketan izan ziren ondoren.
Rodriguezek ohartarazi duenez, Zirizan «gutxitan ikusten diren Indian-ak», edota «prestakuntza berezia duten Desvel-ak» erakutsiko dituzte, eta tartean dira, baita ere, 1954 eta 1962 urteen artean Zarautzen ekoizten ziren Derlan markako motorrak.
Lehen surflariei aitortza
Moto eta moto artean, gainera, surf taula historikoak ikusteko aukera egongo da. Izan ere, aurtengo ArtRide erakusketak Ipar Euskal Herriko lehen surflariei aitortza egin nahi baitie.
Biarritzen, 1950eko hamarkadaren bukaeran ezagutu zuten surfa, Peter Viertel eta Deborah Kerr-i esker, hara joan zirelako Hernest Hemingway-en
The Sun also Rises liburuaren zinemarako adaptazioa grabatzera. Garai hartako surf taulak daude Zirizan ikusgai. Eta taula eta moto artean, Yan Morvanen argazkiak, Parisko auzunetan, Hell Angel’s-en gaineko seriean. «Kontraste polit bat ikus daiteke Zirizan», nabarmendu du erakusketaren arduradunak, «batetik 1950eko hamarkadako jende aberatsa, Biarritzen, surf egiten; bestetik, Parisko auzuneetako motorzaleak».
Surfaren iragana, baita ere, John Witzigen Australiako argazkietan, eta merezi aipatzea, besteak beste, Brian Bentek
Surfer aldizkariarentzat sortutako azal piktoriko klasikoak.
Larunbata bitartean
W&W etzi bukatuko den arren, Zirizako erakusketa gaur eta bihar egongo da zabalik, bi egunetan 11:00etatik 21:00etara.
Sarrerak 6 euroan eros daitezke, Zirizan bertan. Pasaitarrek, baina, debalde dute sarrera, gonbidapena aldez aurretik HAZ bulegoetan eskuratuta.