EH Bilduk Gipuzkoako hautagai Juan Karlos Izagirre aurkezteko ekitaldia egin du gaur Errenteria-Oreretan. Gipuzkoan berriz ere lehen indarra izateko lanean ari dela esan du koalizio subiranistak.
Mendoza, Izagirre eta Iriarte.
Errenteria-Oreretan aurkeztu du EH Bilduk Gipuzkoako hautagai Juan Karlos Izagirre. Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko eledunarekin batera izan da oholtza gainean Izagirre aurkezpen ekitaldian Foru plazan, baina beheko aldean hamarnaka EH Bilduko ordezkari eta herritar izan dira hura babesten.
Mendozak hartu du hitza lehenik gaurko ekitaldian eta eskerrak eman dizkio lehenengo EH Bilduri hautagaitzaren aurkezpena egiteko Errenteria-Orereta aukeratu izanagatik, “uste dut garrantzitsua dela gure herrian eta gure eskualdean kokatzea aurkezpen hau, Euskal Herrian dagoen aniztasunaren argazkia delako, eta aniztasun horri erantzun behar diolako EH Bilduk”.
Eskertza bereziena, ordea, Izagirreri egin dio, “diputatu nagusia izateko prest agertu izanagatik. Erosotasun pertsonaletatik harago, konpromiso kolektiboa hartu duzulako. Zure bizitzan egin duzun hautua, zure bizitza besteei eskaintzea delako. Horrela egin duzu mediku bezala, kooperante bezala, alkate bezala, eta horrela egingo duzu ere diputatu nagusi bezala”. Herritarrekiko konpromisoa duela Izagirrek nabarmendu du Mendozak, eta horren adibide, alkatetzara heldu eta gutxira Martutenen izandako uholdeak aipatu ditu, “oroitzen zaitut kirol kantxa batean jendez inguratuta, aurpegia ematen, inoiz beste inork egin ez duen bezala, herritarrak zuzenean entzuten, kritika gogorrak izanik ere kasu batzuetan. Eta oroitzen zaitut, txandala eta katiuskak jantzita Martuteneko auzoa txukuntzen, beste auzokideekin batera, auzolanean. Hori ez zen Donostiako Kontxako postal horren Donostiako alkate baten irudi ohikoa, ez zen ohikoa ere Donostiako alkatea langileen auzoekin gogoratzea, eta langile auzo horiei irtenbide bat mahai gainean jartzea. Lehentasun kontua da”.
EH Bildurekiko konpromisoa dela Izagirrek duen bigarren ezaugarria esan du Mendozak, “EH Bildu zara zu lehen egunetik, eta hasieratik koalizio honek argi zuen bere aniztasunean oinarrituta garai berri baterako erreferentzia politiko bihurtu behar zuela. Hasieratik ikusi genuen batzuk koalizio hau siglen batuketa hutsa baino askoz ere gehiago zela, identitate berri bat zela, kolektibo berri bat. Eta zuk zure eguneroko jardunean hala egin zenuen”.
EH Bilduk gobernatzeko gaitasuna erakutsi behar du Mendozaren hitzetan “indar eraldatzailea izan nahi badu herri honen hegemonia politiko eta instituzionala lortzeko, eta gobernatzeak esan nahi du kontraesanak bere gain hartzea, eta zuk egin zenuen. 130.000 herritarren hiria kudeatu zenuen, politikari, medikuak gaixoari ezartzen diona ezarrita, ezin duela sendatu gaixoa presente izan gabe, eta gizartea izan zenuen presente”. Politikaren medikua, hala definitu du Mendozak Izagirre, “jendea eta gizartea zaintzen duen medikua, gobernatzeko erabateko gaitasuna erakutsi duen medikua”.
Mundua beste era batera ulertzeko eta balio jakin batzuen gaineko konpromisoa ere baduela Izagirrek esan du azkenik, Mendozak, “ondorioz, politika ulertzeko beste modu bat. Izagirrek ez du politika egin karrera politikoa egiteko, pasioagatik, sinismen handi batzuengatik egin du politika, eta horrek erakusten du ere ezberdintasun pertsonala eta kolektiboa, guk ez dugulako karrera politikoa egiteko politika egiten, guk ez dugulako politika egiten bizitzeko. Gu bizi gara gure bizitza politikari eskaintzeko, sinisten dugun kausari eskaintzeko, gizarte hobeago bat lortzeko, eta herri honen gehiengo zabalari erantzuteko”. Hiru konpromiso horiek biltzen dituela izagirrek esan du Mendozak, eta horregatik dela hautagairik onena, “ez duzu parekorik eta ez duzu izango kanpainan ere”.
Errenteria-Orereta “eredugarri”
Iriartek hartu du hitza ondoren, eta Oreretaren eredua nabarmendu du lehenik. Eredugarritasun horren oinarrian, hori posible egiteko elkarlanean aritu diren gizon emakume guztien lana jarri du. Izagirre gipuzkoar guztien esperantza bihurtu dela ere esan du, “herri justu bat eta duina lortzeko esperantza, aukera berdintasunean mugituko den herri bat eraikitzeko esperantza, herri feminista bat eraikitzeko esperantza, ezberdintasunik jasango ez duen herri bat eraikitzeko esperantza, zubigintzan euskara bultzatzeko, herri honen askatasunerako bidean sakontzeko esperantza bera da”.
Igandeko giza katera egin du jauzi ondoren Iriartek, eta hark sortutako ilusio eta indarrarekin heldu dela Errenteria-Oreretara esan du: “Gure etorkizuna, gure egunerokoa guk erabaki nahi genuela esan genuen igandean. Ideia hori nabarmendu nahi dut hemen ere, gure etorkizuna guk erabaki nahi dugula, Gipuzkoarrok eta Euskal Herritarrok. Badira gure etorkizuna beste modu batera erabaki nahi dutenak, errauste planta, pentsionistak gutxiesten, merkatalgune handiak ugaritzen, turistifikazioa areagotzen, garraio publikoaren murrizten, gehien dutenei gehien ematen eta gutxien dutenak baztertzen, PSE-EErekin itunak egiten… Gipuzkoarron nahiak, baloreak eta borondateak beste norabide batean daude eta EH Bilduk hortxe kokatzen du bere burua”. Izagirrek Gipuzkoarren nahi, balore eta borondateak oso ongi haragiztatzen dituen zalantzarik ez duela esan du, bestalde, Iriartek: “Sinbolizatzen du EH Bilduk izan nahi duena, ate birakaria Saharan laguntzen topatzen duen politikariaren eredua darama, hurbilekoa, irribarretsu eta eskuzabala, eta gutako askorentzat militantzia eredu hori lehen lerroan jarriz asko erakutsi digunak”.
2011 EH Bildu Gipuzkoako lehen indarra izan zela gogorarazi du, “berriz ere lehenengo indarra izango gara, sinistu dezagun izan gaitezkeela, ekinak, burugogorrak, saiatuak, autokritikoak eta gauzak ongi egin zaleak garelako, berriz ere gobernatuko dugu Gipuzkoan gai garelako. Hobetzen dihardugu, beste modu batean gobernatzen dugu, hitza betetzen dugu, fidatzekoak gara, herri honen askatasuna nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoak gara. Hori sinistu behar dugu, eta hori sinistuta iritsiko gara berriz ere lehenengo indarra izatera Gipuzkoan. EH Bildun lan egiten dugun emakume eta gizon guztiok lehenesten duguna da herriaren interesa beste edozeren gainetik. Lehenesten dugu herri honek zer behar duen eta herri horren alde nola lan egingo dugun. Olatuaren txanpa hartzera goaz”.
Intxaurrandieta, Errazkin eta Agirregabiria
Gipuzkoako EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak hartu du hitza azkenik txalo zaparrada artean. Babesa eskertu die alderdikideei. Lehen hitzak, Ainhoa
Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakari izan zen EH Bilduko ordezkariari eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari eskaini dizkie, “aurreko agintaldian beren lana txukun eta zintzotasunez egiteagatik, eta agindutakoa betetzen saiatzeagatik epaituak izan dira”. txaloka erantzun dute bildutakoek.
Amaia Agirregabiria, aurreko agintaldian Pasaiako EH Bilduko alkate izandakoa ere izan du gogoan. Gaur irten da Martuteneko espetxetik Agirregabiria hirugarren graduan: “Borondate onez egindako zerbaitegatik espetxeratu zuten”. Harentzat ere, txalo zaparrada beroa.
EH Bildu orain zazpi urte sortu zela eta bidea laburra izanik ere oso sakona eta aberasgarria izan dela esan du, “gauza asko ikusi eta ikasi ditugu, hanka sartu dugu askotan, baina askoz ere gehiagotan gauzak txukun egin ditugu. Egindako guztiak zintzotasunez, eta borondate onarekin eta beti ere, gauzak beste modu batera egin zitezkeen konbentzimenduarekin. Haize fresko bat ekarri zuen EH Bilduk, ufada berriekin elikatzen dena, eta azkenean urakana bihurtuko dugula uste dut datozen aste, hilabete eta urteetan”. Kaleak bizirik direla nabarmendu du, protestek hartzen dituztela, eta hori ezinbestekoa dela EH Bildu bezalako proiektu bat aurrera eramateko.
Gipuzkoa herri txiki, handi, ertain, hiriburuak, kostaldekoak, barrukoak, mendialdekoek eta bailarek osatutako herria dela nabarmendu du, “ez dugu ulertzen Gipuzkoa ‘San Sebastian region’ bezala. Donostia garrantzitsua da Gipuzkoarentzat, baina Gipuzkoa are garrantzitsuagoa Donostiarentzat”.
Azken hori, osotasuna, Izagirrek nabarmendu duen beste ideia, “denak beharrezkoak dira, denak dira garrantzitsuak eta horretaz konturatu behar gara. Autokritika asko eginda EH Bildun azken urteetan, kritika asko, gehiegizkoa jaso dugu zazpi urtean, baina gauza bat esan nahi dut argi, EH Bildu ez da inor baino gutxiago kudeatzeko garaian. Badakigu kudeatzen, ongi kudeatzen, baita oso une zailetan ere. Kudeatu dugu krisi egoera betean, eta sistemak emandako medio guztiak kontra edukita, eta hala ere kudeatu dugu. Hori bai, desberdin kudeatzen dugu”.
Ez daudela politikan dirua egiteko, edota norbait “entxufatzeko” erantsi du Izagirrek, “guk ez ditugu fakturak bi aldiz ordaintzen, edo hegazkinik gabeko aireportuak egiten, edo zer erre izango ez duen labe erraldoi kutsatzailerik egiten. Ez dugu ezartzen murrizketarik, ez dugu publikoa dena pribatitzatzen, eta ez ditugu herriak hipotekatzen, etorkizunerako ekonomikoki itotzen alferrikako proiektuekin. Herriaren alde egiten dugu, gardentasunez eta gertutasunetik, elkarrekiko konfiantza lantzen dugu, enpatia eta bizikidetza. Arduraz eta modu eraikitzailean jarduten dugu, eta askotan bueltan bazterkeria etortzen zaigu”.
Pertsonen eta herriaren alde egiten duela beti lan EH Bilduk esan du, gainera, “beste interesen gainetik, kezkatuta gaudelako soldatekin, erretiro negargarriekin, dependentzia dutenen egoerarekin, murrizketekin laguntza eta zerbitzu publikoetan, edota kezkatuta gaudelako askotan osasunaren aurretik jartzen direlako negozioak. Ez dugu gehien behar duenean inor bakarrik uzten, eta horretarako, oinarrizkoa da daukaguna era justuan banatzea”.
EH Bilduk politika egiteko beste modua daukala erakutsi duela nabarmendu du azkenik Gipuzkoarako hautagaiak, “Lehen esan dut freskotasuna ekarri zuela Bilduk, esan dut urakana bihurtu nahi dugula Gipuzkoako bazter guztietara heltzeko. Politika egiteko beste modu bat aipatzen dugunean, politika egiteko zintzotasunaz ari gara, herritarrekin eraiki behar den politikaz, haiekin eztabaidatu behar dugula, planifikatu eta adostu, herri mugimenduekin aritu behar dugula, eragileekin, eta ez bulego itxietan. Gardentasuna eta egia ezinbestekoak dira, eta egia gustukoa denean eta ez denean. Zentsura ez dugu maite, ez dugu konfrontazioa nahi, lankidetza eta elkartasuna maite dugu. Protagonistak Gipuzkoako herritarrek behar dute izan, eta politikoak tresnak baino ez gara, herri borondatearen lanabesak”.
Amaitu aurretik lanera deitu du, “instituzioetan, auzoan, lantokian, etxean, eskaini diezaiogun gure bertsio onena herriari eta egin dezagun lana herriarekin, asko dugu egiteko –eta”. Gogoz, ilusioz eta zintzotasunez aritzeko konpromisoa bere egin du.