Musika Kalera! Txaranga proiektu pilotua jarri du martxan Errenteria Musikalek. Kalera atera nahi dute musika herriaren errealitatean txertatzeko. Datorren ikasturtean izango da martxan.

Joan den ostiralean aurkeztu zuen Errenteria Musikalek Musika Kalera! txaranga, mundu horretako pertsona erreferenteekin.
Lorerik gabeko udaberriaren pare da txarangarik gabeko herria. Inauteri, danborrada, auzoko zein herriko festak, horiek guztiak eta gehiago girotzen dituzte txarangek. Jai giroarekin, kale giroarekin lotzen da txaranga gehienetan, eta alde informala badu ere, musikara jauzi egiteko, musikarako sarbidea ere bada.
Horrekin jabetuta proiektu pilotua abiatu berri du Errenteria Musikal Errenteriako musika eta dantza eskolak: Musika Kalera! Txaranga. Orain astebete aurkeztu zuten iniziatiba, kalean, eta txaranga musikarekin lagunduta. Aurkezpen ekitaldirako, musikaren munduan, eta batez ere txarangetan ibilbide luzea egin duten musikariak batu zituzten Errenteria Musikaleko hainbat ikaslerekin, eta emaitza, lehen begiradan behintzat, zoragarria izan da.
Iniziatibaren atzean, asmo garbia du eskolak eta hala azaldu du Jokin Sukunza zuzendariak: «Musika kalera ateratzea da helburua. Sentsazio betea dugu, urte askoan, lau pareten artean egin dugula musika, areto itxietan antolatu ditugula kontzertuak, eta musika ere bada herriko errealitate bat. Esparru guztietan dago musika, edozein jardunaldi edo jaialdi musikaz janzten dugu, edozein aitzakia nahikoa da, eta urratsa egin behar dugu, beraz, gure haurrak eta haurrak ez diren ikasleak ere, horretara jartzeko naturaltasun osoz».
Helburu hezitzaileak
Adin tarteak zurrun markatzearen ideia ere apurtu nahi dute, bestalde, eta proiektu berriak bete-betean ematen die horretarako aukera, «ohituta gaude adinka antolatzen ikasleak, gutxi badira ere helduen taldeak ere baditugu Errenteria Musikalen, eta orain ikasle guztiak naturaltasunez uztartu nahi ditugu, elkarlanean jarri, elkarrengandik ikasten. Izan ere txikiek helduengandik asko ikas dezakete, baina baita alderantziz ere, eta guztientzat ekarpen aberasgarria izango da».
Txarangak horretarako aukera ematen duen zalantzarik ez du, esperientzia garrantzitsua bada ere, adinak ez omen du axola, ezta musika gaitasunak edota instrumenturako gaitasunak ere, «denok batera abiatuko gara, dugun errealitatearekin, bide hau egiteko».
Txarangek errepertorio propio eta berezkoa dutela nabarmendu du Sukuntzak, eta horiek ere, beste musika eta errepertorio motak diren bezalaxe, kultur ondare ere badirela dio, «eta horri begira ere nahi dugu lan egin, aldarrikatu nahi dugu ondare direla, historiaren zati, eta aberasgarri».
Musika Kalera! Txaranga, ez dator, ordea, beste txarangen lekua hartzera, esparru hori osatzera baizik, «helburu hezitzailea du, ikuspegi erabat pedagogikoa». Arlo pedagogiko hori bermatzeko txarangen munduan aditu diren bi irakasle arduratuko dira entseguez eta taldearen koordinazioaz, baita emanaldiez ere: «Errenteria Musikaleko bi irakasle txarangazaleak izanik, horiek duten esperientzia baliatu dugu iniziatiba berri honi ekiteko. Haiek ezagutzen dute mundu hori beste edozeinek baino hobeto. Prest azaldu dira, eta erabat egokia iruditu zaigu».
Cele Barros eta Aitor Gaston izango dira txarangaren martxaz eta antolaketaz arduratuko diren bi irakasleak.
Urteetan lau pareten artean egindako musika kalera atera nahi dute orain
Adin tarteak zurrun markatzeko ohitura ere apurtu nahi dute proiektuarekin
Musikarien taldea datorren ikasturteari begira osatu nahi dute, 2018-2019 ikasturterako, eta horri begira, izena emateko epea zabalik da jada Errenteria Musikalen bulegoan (Niessen Kulturgunean). Musikariak nahi dituzte bildu, zentzurik zabalenean, txaranga munduan ibilitakoak, dabiltzanak edo musika ezagutzak dituztenak. Irailera arte izango dute zabalik izena emateko epea, eta orduan, parte hartu nahi duten guztiekin bilera egingo dute, «jakin behar dugu azkenean zenbat instrumentu bildu ditugun, zein falta diren, zein aukera dugun bildutako lagunekin». Hortik aurrera izango da errealitatea txaranga.
Ikasleak inplikatu
Errenteria Musikaleko ikasleen artean ere saiatzen ari dira arra pizten, Sukunzak aitortu duenez, «azken batean hori da modua musika eta ikasleak kalera ateratzeko, eta esperientzia aberasgarria izateaz gainera, interesgarria ere bada ikasleentzat».
Astean behin ordu eta erdiko entseguak egingo dituzte txarangan parte hartuko dutenek, eta urtean hiruzpalau emanaldi aurreikusi dituzte, «irakasleek erabakiko dute noiz eta non joko duen txarangak, ikuspegi pedagogikotik ari gara, ez gara izango, beraz, eragile guztiek jaiak girotzeko baliatuko duten txaranga». Eskola horiek, gainera, doakoak izango dira iniziatiba sustatze aldera.
Pasioa nabarmendu du Sukunzak, musikarekiko pasioa zehazki, «izan ere txaranga batean jotzeko, benetan, pasioa behar duzulako. Jaien harira, bolo ugariri erantzun behar izaten diete, erritmo bizian ibili behar dute atzera eta aurrera eta hori gaztea zarenean egingarria da. Familia duzunean, ordea, zailtzen da gaia, ordu asko eskatzen duelako». Horien topagune izan nahi du Musika Kalera Txarangak, txarangekin pasioa sentitzen dutenena.
Erronka handia dela musika eta dantza eskolarentzat aitortu du Sukunzak, «kalitatezko musika eta dantza eskaintzea da gure helburua, hezkuntza eskaintzatik harago, ordea, herrian txertatu nahi dugu, egunerokoan izan herri eta herriaren parte, azken batean gure ikasleak haurrak edo helduak izan, gizarteratzea musikaren bidez. Musika sare sozialak garatzeko beste modu bat da».
Musika Kalera! txarangan izena emateko epea zabalik da iraila arte
Txarangekin pasioa sentitzen dutenen topagunea izan nahi du proiektu berriak
Musika eskolarentzat garrantzitsua da erronka, baina herrian ere eragina izango duela zalantzarik ez du zuzendariak, «Errenteria Musikal musikari eta dantzarien oinarrizko harrobia bihurtu behar dugu, dantza eta musika arlo guztietako harrobi berezkoa». Estiloak hamaika badira ere, urteetan klasikoarekin lotu dela musika eskola kexu da, gainera, «estiloak hamaika dira, eta horietan murgildu behar gara pixkanaka, ahalik eta jende eta estilo ezberdin gehien gerturatzeko eta barnebiltzeko eskolan».
Musika kalera atera, lau paretak gainditu eta aske sortu nahi dute, nonahi egin eta noranahi heldu, adin guztietako herritar guztienganaino, «apustu zabala egin, anitza, belaunaldiartekoa». Herritarren artean ezagun izan nahi du Errenteria Musikalek eta orain arteko zirkulu hurbila gainditu: «Orain arte gurasoak eta hurbilekoak datoz emanaldietara, hori oso ondo dago, baina jende gehiagorengana heldu nahi dugu. Bide berriak zabaltzea da gure apustua, eta halako proiektuak martxan jartzea, harreman berriak eta anitzak sortzeko bidea delako musika».
«Txaranga gutxiago gara, baina horien kalitatea handiagoa da»

Joxan Oiarbide sanjuandarrak 38urte darama txarangen munduan.
Joxean Oiarbide, Pasai txarangako kidea
38 urte darama txarangen munduari estu lotuta sanjuandarrak, azken 28ak Pasai txarangan. Emaztea ere txarangaren bidez ezagutu zuela adierazi du.
Txarangazalea zara. Zer ematen dizu txarangak?
Dena eman dit. 28 urte daramat Pasai Txarangan, baina 16 urte nituela hasi nintzen jotzen. Errenteriako Iraultza fanfarrean hasi nintzen, handik Hernaniko Kulixkara joan nintzen, eta ondoren iritsi ziren Donostiako Los Ponposos, Peña Anastasio… Bizitza osoan ibili naiz txarangaz txaranga, jende asko ezagutu dut, bidaiatu dut, parrandak egin, gozatu dut, eta konpromiso bat mantendu behar izan dut ere. Emaztea ere txarangaren bidez ezagutu nuen, elkarrekin jotzen genuen. Dena eman dit, beraz.
Txarangen gaur egungo egoera zein da?
Nire ustez osasuntsu daude txarangak, baina dibertitzeko eredua aldatu egin da. Gauez asko jotzen genuen garai batean, gaur egun, ordea, jendea gauez ez da kalean ibiltzen, dantzaldietan ez da jendea izaten plazan, ezta txarangekin ere.
Egunez dute garrantzia orain txarangek, eta eguerdiko poteoak girotzen ikusiko dituzu. Moldaerraza da oso, poteoa girotzen duen bezala, danborrada laguntzen duelako, buruhandiak edo beste edozer, txarangan musika askotarikoa da. Kalitateari dagokionean asko hobetu dira. Gutxiago gara, baina bai errepertorioa baita kalitatea ere hobetu egin dira.
Txarangei ematen al zaie duten garrantzia, aitortzarik ba al du zuen lanak?
Jende mordoak maite ditu txarangak, gustuko ditu, txarangeroak badaude, baina uste dut ez dutela kontuan hartzen, ez direla jabetzen atzean dagoen lan guztiaz. Ongi pasatzeko elkartzen den lagun taldea ikusten du jende askok txarangan, eta ez da aitortzen, beraz, atzean dagoen lana. Jendearen maitasuna badugu, baita hurbiltasuna ere, baina ez dut uste lana dagoela baloratzen dutenik.
Zein lan dago txarangaren atzean?
Hasteko errepertorioa aukeratu behar duzu, ezin duzu edozein abesti aukeratu polita iruditzen zaizulako, publikoarekin pentsatu behar duzu, hari gustatu behar zaio eta hark egin behar du dantza. Publikoak agintzen du. Gaia aukeratuta, instrumentatu egin behar duzu, eta horrek entsegu ugari eskatzen ditu. Gu, adibidez, azaroan hasita ekainaren erdialdera arte, astean behin egiten dugu entsegua. Gero emanaldien denboraldia dator, eta batetik bestera ibiltzen gara emanaldiak egiten.
Zenbat emanaldi egiten ditu Pasai txarangak?
70-80 bat egiten ditugu urte osoan. Errege desfileekin hasten gara lanean, gero inauteriak, danborradak… egia da batez ere udaran egiten ditugula aktuazioak. Urtarriletik urrira izaten ditugu emanaldiak.
Plazarik gustukoena jotzeko?
Donostiako Alde Zaharra jotzeko oso atsegina da. Akustika berezia du, oso egokia, eta bertan giro berezia sortzen da beti, jotzen duzun bakoitzean. Donostiako portuko Karmengo festetan jotzen dugu, Piratekin ere, eta giro paregabea sortzen da bietan.
Zein instrumentu behar dira txaranga osatzeko?
Perkusioaz aparte guk baxua dugu, eta oso garrantzitsua dela uste dugu musikari gorputza emateko. Horrekin batera, tronboia, bonbardinoa, tronpeta, saxofoia… Nik tronpeta jotzen dut.
Eta zailena zein da?
Denek daukate bere zailtasuna. Jendeak ez dio garrantzirik ematen bonboari adibidez, eta ezinbestekoa da. Gaizki jotako bonbo batek, erritmoa apurtzen du eta jendea ez da horretaz jabetzen. Askok pentsatzen dute ‘bonboa jotzen duenak zein ondo pasatzen duen’, bada beste guztiek duten tentsio bera du. Metronomo baten modukoa da, gaizki badoa, beste guztiak arrastaka eramango ditu.
Azken urteetan elektrotxaranga ugari sortu dira. Zein iritzi duzu horien gainean?
Musika egiteko beste modu bat da, beharrezkoa. Errepertorioa gazte jendeari begirakoa dute, garai batean kontzertuetan eta oholtza gainean baino entzutea ez zegoena. Elektrotxarangek gauza bera egiten dute kalean barrena, errepertorio kañeroa egiten dute, rockeroa… Kalera jaitsi dira eta apustu interesgarria da, ongi pentsatutakoa. Oso garrantzitsua iruditzen zait.
Zer du txarangak 38 urtez harrapatuta izateko?
Betidanik gustatu izan zaizkit txarangak eta oso gazte hasi nintzen. Oraindik orain gustatzen zait sortzen duten giroa, gustura naiz horretan.
Musika Kalera! txarangaren aurkezpenean parte hartu duzu. Zer iritzi duzu Errenteria Musikalen proiektu berriaren gainean?
Oso iniziatiba interesgarria iruditzen zait. Gure garaian kontserbatorioko irakasleentzat txarangak bekatu modukoa ziren. Txarangek, ordea, balio izan dute jendea musikan gelditzeko, horrela erakutsi du esperientziak gerora, eta Errenteria Musikalek ondo egiten badu, asmatuko du zalantzarik gabe.