Errelebokako proban Pasaiako Ogi Berri Azkuene eta Bidasoko Bostak irabazle. 100 kilometroetan, Angela Gonzalez eta Raul de La Fuente irundarrak, bikain.
Ogi Berriko kideak, Angela Gonzalez irundarrarekin.
Iaz bezala, Oarsoaldeko eta Bidasoko korrikalariek lan ederra egin dute Santanderko 100 kilometroko lasterketen proban. Bertan, 100 kilometroko, 50eko eta taldekako 100 kilometroko (10 partaide, bakoitzak errelebotan 10 kilometro eginez). Bada taldekako proba horretan, emakumeen kategorian Pasaiako Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldekoi kideak izan ziren garaile, eta gizonezkoetan, errelebokako lasterketan ere, Bidasoko Bostak taldea.
Ogi Berrikoek bigarrenez irabazi zuten Santanderko lehia hori. Iaz izan zen lehen aldia, eta 100 kilometroak osatzeko 7:48:51ko denbora egin zuten; aurten, denbora hori ia 7 minutuan jaitsi dute, 7:41:59an utziz. Iazko probaren errekorra gainditu egin zuten, beraz, Ogi Berrikoek.
Bostak taldeko kideak, podiumaren gorenean.
Gizonen errelebokako lasterketa bigarrenez ere irabazi du Bostak taldeak. Iazko denbora nabarmen jaitsiz, gainera: 2017an 6:25:43ko denbora egin zuten, eta larunbatean, berriz, 6:12:40koa.
100 kilometroko bakarkako lasterketan ere izan zen Oarso Bidasoko ordezkaritzarik. Bidasoa Atletismo Taldeko bi kidek, Angela Gonzalezek eta Raul De la Fuentek egin zuten ultra-lasterketa hori. Gonzalezek 10:22:29ko denbora egin zuen ehun kilometroak osatzeko, eta sailkapen orokorrean bosgarrena izateaz gain, bere adineko sailkapeneko lehena izan zen, beraz, Espainiako Txapeldun izan zen 60 urtetik gorakoen kategorian. De la Fuentek, berriz, 8:30:40ko denboran egin zituen 100 kilometroak, gizonen sailkapen nagusian 15. postua eskuratuz, eta bere adinekoen artean (40 urtetik gorakoen kategoria) bosgarren izanez.