Xabi Ruiz, itzulerako luzean, Sakoneta inguruan, itsas adarrerako bidean, probaren buruan.
Hasi berria da Xabier Ruiz de Aretxabaleta K1ean itsasoan, baina primeran moldatzeko gai dela frogatzen ari da. Bigarren izan zen Pasaian lehiatu zen itsas kayakeko proban, eta atzo, Zumaian, Gipuzkoako txapeldun, nagusitasun osoz.
Bereziki itzulerako luzean egin zuen indar erakustaldia Ruiz de Aretxabaletak, haizearen kontra arraunean, aurkariekiko tartean nabarmen handituz. Helmugara iristerako 31 segundoko aldea lortuta zuen bigarren tokian sailkatutako Joxemari Villagarcia donostiarrarekiko.
Brontzea Aranetarentzat
Pasaia Kayakeko Aritz Araneta faboritoen artean zen arren, palista pasaitarrak brontzezko dominarekin konformatu behar izan du. Bosgarren izan zen sailkapen orokorrean, eta hirugarren Gipuzkoako txapelketarako lehian.
Emakumetan, bestalde, Amaia Benavente errenteriarra izan zen azkarrena.
Amaia Benavente, irteeran lerrokatua, epailearen aginduaren zain.
Pasaia Kayak hirugarren
Zapore gazi-gozoarekin itzuli dira Zumaiatik pasaitarrak, Euskadiko itsas kayakeko kopan orain arte erakutsitako nagusitasuna kontuan izanda hobeto ibiltzea espero zutelako.
Taldekako sailkapenean hirugarren izan dira Zumaian, brontzezko dominari esker 77 punturekin, Zumaiako eta Fortunako taldeen atzetik hurrenez hurren. 104 puntu batu zituen Zumaiak, eta 84 Fortunak.