Sanjoanak ospatuko dituzte asteburuan Donibanen
Txupina Aizeti Del Rio Tamayok eta Eki Gametxo Manzisidorrek botako dute aurten.
Sanjoanak bertan daude eta sanjuandarrak dena prestatzen dabiltza barrutiko lehen jaiez gozatzeko. Gaur, esaterako, San Joan Eguneko (hilak 24, igandea) haur danborradako lehen entsegua dute. 18:30ean izango da, garai bateko Aiton-Amunen Aterpean, Nicolasa jatetxearen parean, eta ordu eta toki berean egingo dute azken entsegua, ostegunean (hilak 21). Jaiak, berez, larunbatean hasiko dira, 19:30ean, Aizeti del Rio Tamayok eta Eki Gametxo Manzisidorrek jaurtiko duten txupina eztanda egitearekin bat. Ondoren ospatuko dituzte sanjoanetako klasikoak: Konstantzia Musika Bandaren salbea, plazatik elizara (20:45) eta san joan sua. 22:00etatik aurrera hasiko dira dantzatzen Aurreskua suaren bueltan Santiago plazan. Larunbatean, hala ere, txupinazoari itxaron gabe hasiko da festa. Goizean herri triatloia lehiatuko da (12:00), Xanju Kirol Klubak antolatuta, eta 17:30etik aurrera, berriz, Sagardo Jaia. Rosa Sistiagak eta Migel Alkarazek zabalduko dute aurtengo txotxa. Igandean, berriz, haur danborrada izango da eguneko ekitaldirik nagusia, 12:00etatik aurrera, Iker Salaberria Quintansen zuzendaritzapean.