Berreskuratutako hegaztiak askatu, narrasti eta anfibioak ezagutzeko irteera, orientazio jolasa, eta historiaurreko bizimoduari buruzko erakustaldi tailerrak antolatu dituzte Listorretan.
Aurreko urteetan ere askatu dituzte hegaztiak jardueren barruan.
Aiako Harria Natura Parkean dagoen Listorretako natur eremua ezagutzera emateko eta balioan jartzeko jarduerak antolatu dituzte Errenteriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Parketxea Sareak. Udako abenturak Listorretan goiburuarekin, lau jarduera egingo dituzte: Berreskuratutako hegaztiak askatu, narrasti eta anfibioak ezagutzeko irteera, orientazio jolasa, eta historiaurreko bizimoduari buruzko erakustaldi tailerrak.
Ostiral honetan izango da lehen jarduera, 21:00etan Listorretako etxolan (taberna). Arrano Etxean sendatutako hainbat hegazti askatuko dituzte. Zentro horretan, zaurituta edota gaixorik heldutako animaliak sendatzen dituzte eta ahalik eta azkarren beren ingurune naturalera itzultzea dute helburu. Ostiraleko ekintzan, urubiak eta mozoloak askatuko dituzte, eta gauez egin dute hitzordua, animalia horiek gautarrak direlako. Taberna inguruan elkartuko dira parte hartu nahi dutenek, eta leku egoki eta atsegin baten bila abiatuko dira hegaztiak askatzeko. Familian egiteko plan ederra da, hegaztiak gertutik ezagutu eta askatuta beraien ingurunera nola itzultzen diren ikusteko. Doakoa da jarduera.
Narrastiak eta anfibioak ezagutzeko irteera da antolatu duten bigarren jarduera. Uztailaren 8an egingo dute hori 10:00etatik 13:00etara, eta Malbazargo hezegunean aurki daitezken igel, uhandre, musker eta beste espezie batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Jardueraren prezioa 5 eurokoa da eta plazak mugatuak daudenez erreserba egitea ezinbestekoa da. Bigarren jarduera egiteko Susperregi jatetxean elkartuko dira.
Orientazio jolasa uztailaren 22asn antolatu dute, eta bertan, orientazioaren oinarrizko kontzeptuak azalduko dizkiete parte hartzaileei modu dibertigarrian. Erronka ere jarri diete, Listorretako altxorra aurkitu beharko dute ipar orratza eta mapak erabilita. Naturan orientatzeko erabili daitezkeen metodoak ere azalduko dituzte jardueran: eguzkia, izarrak, ilargia, zuhaitzak, goroldioa. Jarduera hau doakoa izango da baina plazak mugatuak dira eta erreserba egitea ezinbestekoa izango da. Listorretako etxolatik abiatuko dira 11:00etan.
Azken jarduera, abuztuaren 4an antolatu dute eta Aitzbitarteko lagunak elkartearekin elkarlanean Aizpitarteko leize-zuloetako historiaurreko gizakiaren bizimodua ezagutzea da helburua. Jardueraren barruan, hainbat tailer antolatu dituzte horretarako, jaurtiketa historiaurreko propultsatzailearekin; sua pizten ikasi, edota historiaurreko margoena. Jarduera hau ere doakoa izango da, eta 10:00etan elkartuko dira Listorretako etxolan.
Erreserbak egiteko edota informazio zehatzagoa eskatzeko 943 49 50 69 eta 688 89 50 68 telefono zenbakietara dei dezakete interesdunek, edo
posta elektronikora mezua bidali.