Iraultza Dantza taldeak, aurten ere, San Juan bezperarekin batera Urdiaingo kantaia egingo du Herriko plazan.
Iraultza Dantza Taldeak Urdiaingo Kantaia dantzatu eta abestuko dute ostiralean.
Orain arte belar, hemendik aurrera gari. Hori, uda ate joka zela, urtarorako eguraldi ona eta uzta oparoak izan zitezen Urdiaingo Kantaian arbasoek botatzen zuten konjurua. Iraultza Dantza taldeak, aurten ere, San Juan bezperarekin batera Urdiaingo kantaia egingo du Herriko plazan 22:00etan, eta Udako solstizioari ongi etorria emateko arbasoek egiten zuten kantaia egingo dute.
Erritu erdi pagano erdi erlijiosoa da eta bertan parte hartzen duten emakumeek bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, aurpegia soilik bistan utzita. Eskuetatik heldu eta borobila osatzen dute, eta une horretan 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraitzen duten bitartean. San Juan gaua, natura, erlijioa eta uztak aipatzen dira bertso horietan.
Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen ohitura, eta Iraultza Dantza taldeari irakatsi. Azken horrek, 1995. urteaz geroztik, urtero egin du Errenteriako Herriko plazan.