Ezkerretik eskuinera, Burguera, Sara Tarragona, Zunzunegi, Unai Alonso eta Aitor Vilariño taldekideak, O Groveko udaletxearen aurrean.
Emaitza onak lortu ditu Pasaiatik abiatutako ordezkaritzak O Groven (Pontevedra) jokatutako ur lasaietako Espainiako ibaietako Kopako hirugarren proban.
Eguraldi txarrak baldintzatu zuen proba, eta haizeak eta olatuek palisten jarduna zaildu zuten hasieratik.
Senior Mailan bi pasaitar izan ziren lehian, Aitor Vilariño (Donostia Kayak) eta aurtengo denboraldia Galizian ari den Ion Carballo (Pontevedrako Naval). Biek egin zuten irteera bikaina, baina Vilariñok garesti ordaindu zuen hasierako erritmo bizia, eta atzean geratu zen gerora, posizioak galduz, hamalaugarren postuan amaitzeraino.
Carballok, aldiz, proba bikaina egin zuen. Probaren erdira arte iraun zuen buruan eta dominen borrokan, azkenean aurreko laukoteak ihes egin zion arte. Sendo eutsi zion, hala ere, bosgarren postuari.
Kadeteen Mailan Eider Amundarain irundarrak irabazi zuen, Laura Zunzunegi pasaitarrarekin azkeneraino nor baino nor aritu ondoren. Zilarra irabazi zuen Zunzunegik. Kategoria berean Sara Tarragona taldekide errenteriarrak lan txukuna egin zuen baita ere, bederatzigarren postua lortuz.
Eta bigarren domina beteranoen kategorian iritsi zen. Imanol Burguerak nagusitasun osoz lortu zuen garaipena Villaviciosako eta Riberas do Tambreko ordezkarien aurretik, sasoi-puntu onean dagoela berretsiz.