Oarsoaldeko Kontsumo bulegoak kontsumo arduratsu baterako hamar aholku eman ditu.
Kontsumo arduratsua egiteko hamar aholku eman ditu Kontsumo Bulegoak.
Oarsoaldeko Kontsumo bulegoak kontsumo arduratsu baterako hamar aholku eman ditu. Bulegoan ikusten dutenaren arabera, aholku horiek beharrezko direla uste du Kontsumo bulegoak, ezjakintasunagatik batzuetan, eta utzikeriagatik, besteetan, oker jokatzen dutelako kontsumitzaileek.
Lehen aholkua, erositakoak itzuli daitezken galdetzea da. Erositakoa itzultzeko eskubidea daukala uste du kontsumitzaileak, baina ez dela horrela denda guztietan nabarmendu dute, “gustura geratu ez bazara, dirua itzuliko dizugu esaldi famatua politika komertziala da, baina ez dute denda guztiek ezarrita”.
Tiketa eskatu eta gordetzea ere ezinbestekoa dela esan dute, erreklamatu ahal izateko. Internet bidez erosketak egiterakoan, enpresaren datuak eta baldintzak konprobatzea ezinbestekoa da, bestalde, ez delako gauza bera enpresa Europan edo Txinan egotea, edo ez jakitea non dagoen ere. Halaber, erositako itzultzeko epea (14 egun gutxienez), edo bidalketa eta itzulketa gastuak kobratzen dituzten. Internet bidez erosterakoan gainera, gunea partikularren arteko bitartekaritzarako plataforma den begiratzea aholkatu dute. Azken kasu horretan, partikularren arteko salerosketa izanik, ezin izango du erosleak kontsumora jo eta epaitegietara jo beharko du.
Kontratu bat sinatzerakoan kopia eskatu behar da beti, eta telefonoaren faktura eskatu eta gorde egin behar da, baita errebisatu ere. Telefonoekin lotuta ere, instalatzen diren aplikazioen baldintzak onartu aurretik irakurtzea beti aholkatu dute, “bestela agian aplikazio horiei zure kontaktuetan, bat bateko mezularitzan, agendan, irudietan, artxiboetan, argazki kameran edota ordaintzeko gaitutako moduetan sarbidea ematen diezulako”.
Gremio bat kontratatzerakoan aurrekontuak eskatzea da Kontsumo Bulegoak eman duen beste aholkuetako bat, baita faktura eskatzea ere erreklamatu ahal izateko.
Azkenik autoa edo irabiagailua tailerrean uzterakoan ere aurrekontua eskatzea aholkatu dute, eta faktura ondoren. Aholkuak irakurrita ere, zalantzarik duten herritarrei Kontsumo Bulegoa 08:30etik 14:00etara zabalik dagoela gogorarazi die,
posta elektronikoa ere erabil daitekeela edo 943 51 01 11 telefono zenbakira dei dezaketela.