Adierazpen instituzionala aurkeztu du gainontzeko alderdiek babes dezaten PSE-EEk.
LGTBI Kolektiboaren nazioarteko Egunaren harira adierazpen intsituzionala aurkeztu du Lezoko PSE-EEk.
Hilaren 28an ospatuko da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta horren harira adierazpen instituzionala aurkeztu du gainontzeko alderdiek babes dezaten PSE-EEk. Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetik LGTBI kolektiboa ikusarazteko “premia bizikoa” dela esan du alderdi sozialistak, “estereotipoetatik urrun, heziketatik pedagogia egiten, edozein diskriminaziorekin amaitzeko. Horretarako bitarteko beharrezkoak jarri beharko dira Lezo berdinzaleago eta justuago bat egiteko, aniztasunaren errespetuan oinarritutako herria egiteko”.
Aurkeztutako adierazpen instituzionalean LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Egunarekin bat egitea proposatu du alderdi sozialistak, baina hainbat konpromiso hartzea ere eskatu du: Ortzadar bandera udaletxeko balkoian jartzea; eskubideen berdintasunaren aldeko erakunde eredugarria izateko konpromisoa hartzea Lezoko Udalak, sexu identitate edota orientazio arrazoiengatik diskriminaziorik ez onartzea, eta horiek bermatzeko beharrezko dituen ekintzak bideratzea eskatzen du, halaber; azkenik sexu orientazio edo identitateagatik eraso, gutxietsi edota diskriminatu dituzten pertsonei elkartasuna adieraztea eskatu du adierazpenean, baita gaitzestea benetako berdintasunaren kontra doazen ekintza politiko eta sozial oro.
Adierazpen instituzionala ez da alderdi sozialistak LGTBI kolektiboaren inguruan aurkeztuko duen proposamen bakarra, “izan ere, hitzetatik harago joan nahi dugu –esan du Jose Angel Sanchez zinegotziak– eta horren harira mozioa aurkeztuko du alderdiak hurrengo plenoan. LGTBI kolektiboarekiko konpromisoa aurrekontuetan, kultur eta kirol programazioan, zein udalak antolatzen dituen bestelako ekintzetan islatzea nahi dugu, baita, Udaltzaingoarekin edo udal langileekin egiten diren formazio planetan”. Ikastetxeetan heziketa komunitatearekin elkarlanean aritzea proposatu du azkenik, Sanchzek: “LGTBI haur eta gazteen kontrako edozein eraso edo diskriminazioa kanporatzeko”.