Zinema konbentzionalak ez du guztientzat lekua eskaintzen. Gabezia hori estaltzera dator Bizitu proiektua, zinema egokitua familia osoarentzat eskaintzera.
Martinez, Collar, Agirre eta Martin Bizituren aurkezpenean.n
Zinema konbentzionalak ez du guztientzat lekua eskaintzen. Gabezia hori estaltzera dator Bizitu proiektua, zinema egokitua familia osoarentzat eskaintzera. Gaur aurkeztuko dute emanaldi berezi hori hartuko duen agertokian, Niessen auditorioan, Mindara elkarteko Onintze Agirrek eta Erika Martinezek, Juneren Hegoak elkarteko Yolanda Martinek, eta Ion Collar Kultura zinegotziak.
Bizituren helburuak, dibertsitate funtzionala duten haurrei zinemaz disfrutatzeko esperientzia eskaintzea dela zehaztu du Agirrek, “baldintza beretan, aisialdiko eta ondo pasatzeko giroa sortzea, eta saioa publiko guztiari eskaintzea denak elkarrekin aritzeko”. Izan ere, beste errealitateak ezagutzeko, elkarbizitzen jartzea da egokiena, eta hori ere bilatzen du Bizituk, dibertsitate funtzionala duten eta ez duten haurrak elkarren ondoan jartzea.
Proiektua hausnarketatik jaio zela iaz nabarmendu du Mindarako kideak, “Zinemara joan nintzen batean ohartu nintzen ez dagoela egokituta. Mikel Izagirre Mindararen presidentearekin hitz egin nuen eta galdetu nion ea zinemara joana zen inoiz. Baietz esan zidan”. Pelikula ikusteko lehen lerroaren aurrean jarri zutela bere gurpildun aulkiarekin kontatu zion Agirreri, eta ordu eta erdi gora begira izan zen. Hainbesteko lepoko mina eragin zion, zinemara gehiago ez zela itzuliko erabaki zuela. Agirrek erronkari heldu eta urtean behin bada ere, denek zinemara joateko aukera izan dezaten zer egin zitekeen pentsatzen hasi zen, eta horrela sortu zen Bizitu.
Gune kulturalak, egokitu gabe
Gune kulturalek, orokorrean, eta batez ere behar bereziak dituzten haurren familientzako benetako aisialdiko gune bat izateko dituzten zailtasunak agerian jarri dituzte gaurko agerraldian, “zine aretoak egoera berean daude, ezin dira topagunea bihurtu pertsona hauen beharrei aurre egiteko”. Hori da zehazki, Bizitu proiektuaren ardatza: “Denei zinemaren esperientzia gerturatzera, haur bakoitzaren ezberdintasunak errespetatuz, izan ditzaketen behar bereziei erantzuten”. Juneren Hegoak eta Mindara elkarteak laguntzen dituzten haurrei erantzuna eman nahi diete, “aisialdia eta kultura ere funtsezkoak direlako pertsonen garapenean”.
Richard zikoina filma aukeratu dute, eta ostegunean (hilak 28) 18:00etan egingo dute emanaldia eta sarrera doan izango da. Film hori protagonistak dituen ametsen atzetik doa. Gure proiektuarekin amets bat beteko dugu, guztiek zinemaz gozatzea”. Filma hasi baino lehen banatuko dituzte Niessen Kulturgunean bertan.Pelikula ikusi bai, baina hura komentatzeko aukera ere izango da, “argiak piztuta izango ditugu, beharrezkoa bada ikusleak mugitu daitezke, eta gunea antolatuko dute parte hartzaileak eroso egoteko”, azaldu du Martinezek. Aretoa egokituko dute hurbiltzen den oro eroso egon dadin, “gu ez garelako jabetzen baina dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat zailtasunak izugarriak dira egunerokoan. Horri esker familia osoak gozatzeko aukera izango du, gurpildun aulkian dauden aiton-amonak, bost minutu baino gehiago eserita eman ezin duten haurrek, guztientzako neurrirako espazioa sortuko dugu”.
Hainbat ezaugarri ditu Bizituk, eta horien gainean mintzatu da Martinez: “Agiri guztiak idatzita egoteaz gain piktogramak dituzte ondoan, argia oso leuna izango da, eta soinuaren bolumena ere neurtuko dugu zarata handiek traba egiten dieten haurrak eroso egon daitezen”. Proiektuaren garrantzia nabarmendu du, “inguruan ez delako halakorik existitzen, ez dago dibertsitate funtzionala duten kiderik duen familiei erantzuteko iniziatibarik”. Kolektibo ugariri erantzun nahi diotela ere esan du, “autismoa, gorreria, autismoa, garun paralisia, down sindromea, mugikortasun arazoak…”.
Proiektua zabaltzeko deia
Berrikuntzarekin dator aurten, gainera. Eskuaire elkartea izango da jaialdian, “pertsona gor eta gor itsuen egoera gerturatuko digu, eta aldibereko itzulpena egingo du zeinu hizkuntza bidez. Horrekin batera, gidoia eta testuinguruak prestatuko ditu Eskuairek ikusleak zeinu hizkuntzarekin harremanetan jartzeko”. Beste errealitate eta egoerak ezagutzeko aukera eta jakin mina sortu nahi dutela esan dute bi elkartetako ordezkariek, horretarako pertsona gorrek erabiltzen duten komunikaziora gerturatzea aukera ezin hobea dela esan dute.
Proiektua aurrera eramateko hainbat eragileren laguntza izan dutela nabarmendu du Martinek, eta udala, Ozzinema zinekluba eta Zineuskadi aipatu ditu, “sinistu dute proiektuan eta hori oso garrantzitsua da”.
Collarrek eskerrak eman dizkie guztiei proiektuagatik, “udalaren ildoa eragileen arteko elkarlana sustatzea herritarrei onura emateko, eta hemen elkarlana dago. Kulturarako irisgarritasuna, eta ez bakarrik prezioan, dibertsitate funtzionala duten pertsonei ere eskaintzea ezinbestekoa da, baita haien familiei ere. Erakundeoi dagokigu kulturarako sarbide hori eskaintzea, gure lana eta betebeharra da, eta bereziki, txikienei, familian gozatu ahal izateko”.
Proiektuak urteetan bizirik jarraitzea desio die Collarrek, “baita zabaltzea ere beste eskualdeetara, proiektu berritzailea delako. Bide badute halako proiektuek, eta kontzientziazioa garrantzitsua da, instituzioek eta herritarrek ezagutu behar ditugu gure bizitzaren parte diren errealitateak”.