[GALERIA ETA BIDEOAK] Ondartxo Abesbatza sanpedroetako pregoia abestuz agurtu da
1983. urtean sortutako abesbatza, San Pedroko kultur mugimenduan eragile funtsezkoa izan da azken 35 urteetan.
Azken kontzertu izan da, baina koruko kideek agur esan gabe eman dute, oraingoz, ibilbidea bukatutzat. Ondartxo Abesbatzak azken kontzertua eman zuen atzo arratsean, 2018ko sanpedroetako pregoian, bere izan duen etxean, elizan.
Festara San Pedroko koruaren betiko bidelagunak, lagun handi eta estimatuak, bildu ziren: Sorgiñarri Txistulari Taldea eta Tirri Tarra Fanfarrea. Haiek zabaldu zuten kontzertu gogoangarria. Festa giroa nagusi Ondartxoren agurrean.
Lekukotza faltak eragindako bukaera bai izan da Ondartxo abesbatzarena, baina bere kideek, agurrean, ez zuten triste agertu nahi izan: “Agur baino, gero arte esan nahi dugu”, irakurri zuen bozgorailutik koruko ordezkari batek, “eta ateak erdi zabalik” utzita doazela ohartarazi zuen, norbaitek noizbait haiek hasitako bidetik jarraitu nahi izatekotan. Abestea pasio.
Eta, nola ez, kantatzeari ekin zioten jarraian, koruko historia errepasatzearekin bat. Denak izan zituzten gogoan, abesbatzaren ibilbidean mugarriak, eta koruaren historian omenduak eta ezinbestekoak, horietako zenbait jada desagertuak, baina sekula ez ahaztuak. Aita Manuel, Pilar Arratibel, Julian Osa, Tomas Garbizu, Rosario Vergara, Ion azpillara, Marai Jose Arrizabalaga… luze joko luke den-denak aipatzea.
Eta horrela, Habanera, euskal kanta, eta Ondartxoko errepertorioan bestelako klasikoak interpretatuta iritsi zen kontzertua, pixkanaka, azkenera. Laster arte batekin, hunkigarri, gogoangarri.
