Ikasturteko azken elkarretaratzea egingo du datorren astelehenean (uztailak 2) Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak.
Ehunka lagunek egin dute zuten bat Duintasunaren manifestazioarekin joan den hilabetean.
Ikasturteko azken elkarretaratzea egingo du datorren astelehenean (uztailak 2) Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak. Eskaera zehatzak egingo ditu beste behin ere: gutxieneko 1.080 euroko pentsioa, osasungintzan eta irakaskuntzan murrizketarik ez egitea, botiken kopagoa ezabatzea, %0,25eko igoera bertan behera utzi eta KPIa berreskuratzea, jasangarritasun faktoreari uko egitea, eta babes eta Gizarte Segurantza Sistema propio eta publikoa abiatzea.
PSOEri eta EAJri mezu garbia helaraziko dio Duintasunak gainera. Lehenengoari, dirua badagoela, “nahi badu, egin dezakeela”; bigarrenari, konpromisoa har dezan pentsiodunekin eta jubilatuekin.
Espainiako Gobernuaren aldaketak ez du bermatzen elkartearen ustetan pentsiodunen egoera aldatuko duenik, “ez dugu uste asko aldatuko denik pentsiodunek egiten ditugun aldarrikapenekiko egoera”. Zalantzarik ez dute, ordea, pentsiodunen mobilizazio handia berebiziko garrantzia duen mugimendua dela, eta kalean jarraituko duela orain arte egin duen bezala, “izan ere, sistemaren alderdiek kudeatzen dituzte instituzioek, ez daude prest pentsiodunak, langileak eta herri sektore guztiak zigortzen dituen eredu neoliberala aldatzeko”.
Sindikatuen lana dela langileei azalpenak eman eta egoeraren gainean sentsibilizatzea dio Duintasunak, “pentsiodunekin batera mobiliza daitezen, egungo pentsioak daudelako jokoan, baita etorkizunekoak ere. Beharrezkoa da elkarlana 1.080 euroko pentsio duinak lortu eta egungo egoera eraldatzeko, Dependentzia Legea bitarteko ekonomiko eta teknikoz hornitzeko, kopagoa ezabatzeko, zaharren egoitza duinak lortzeko, eta Gizarte Zerbitzuak hobetzeko”.
Uztaila eta abuztuan ez dira kalean izango, baina bai adi, “gertatzen dena hurbiletik jarraitzen”, eta irailean berriz ere kalera itzuliko da Duintasuna aldarrikapenekin. Jakinarazi dutenez, gainera, urria hasieran, mobilizazio erraldoia antolatu nahi dute hilabete horren lehen egunean ospatzen den Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Astelehenean hitzordua 11:00etan izango da Herriko plazan.