Errenteria-Oreretako Sarek larri gaixo dauden Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta presoen alde norbanakoen indarra bildu nahi du. Auzoetan lanketa berezia egin du horretarako.
Iniziatiba aurkezteko Sare Herritarrak joan den larunbatean egin zuen agerraldia.
Agerraldi jendetsua egin zuen joan den larunbatean Sare Herritarra dinamikak, pasa den abenduan Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza larri gaixo dauden Oreretako presoen alde egindako manifestazio handia bukatu zen Agirre Lehendakariaren plazan. Beste mobilizazio baten berri eman zuten bertan. Bihotz erraldoia egin nahi dute bihar, dozenaka taupadez, handi eta txikiz, osatutako bihotz erraldoia, Gogorza eta Arrieta etxean nahi dituztela esateko, larri gaixorik dauden Oreretako bi presoek eta horien senideek pairatzen duten sufrimendu eta injustiziarekin amaitu nahi dutela behin betiko aldarrikatzeko, horrekin bat egiten dutenak batzeko.
Ez da manifestazioa. Hiru buruko martxa da. Horri forma emateko auzoetara jo du Sarek, eta auzoak izango dira protagonista, auzotarrak engaiatu dira gaixorik dauden bi euskal presoak etxera ekartzeko lanean.
Zehazki, biharko iniziatibaren aurkezpena hartu zuen Agirre Lehendakariaren plaza (Arenala), eta Alaberga eta Pontika auzoetako plazak izango dira Izan Taupada iniziatibaren lehen agertoki.
Elkarbizitzarako deia
Herritarrak hiru plaza horietan elkartuko dira 12:00etan bihotz zatiak egiteko. Agerraldian argi esan zuten Sareren ordezkariek, «korapiloak askatzeko unea da, elkarbizitzarako unea da, herrira bueltatzeko unea». Horretarako taupadak behar dituzte, ahalik eta gehien, ahalik eta indartsuen, eta horretara deitu zuten herria, «taupada izateko deia luzatzen diogu herriari, norbanakoetatik hasita, elkarbizitzarako urratsak kolektibo gisa egitera, herritarrak konponbiderako protagonistak izanda». Hiru plazetan osatutako bihotz zatiek, bat egingo dute Koldo Mitxelena plazan (Esmalterian).
Espetxe politikaz mintzatu ziren larunbateko agerraldian. Iraganean eta ezohiko lege batean oinarrituta dagoela salatu zuten. Eta etorkizunari begira daudela esan: «Etorkizunari begiratu nahi diogu, eta horretarako, iraganetik datozen oinaze eta minak sendatzea ezinbestekoa da, baita espetxe politika hau errotik aldatzea ere».
Joan den abenduko manifestaziotik hona egindako bideari erreparatu zioten agerraldian, sarea handitzen joan dela azaldu zuten: eremu ezberdinetako norbanakoak dinamika horretara gehituta, «gehiengo politiko, sindikal, eta sozialarekin bat eginez, eta herri honen nahia argi utziz. Tamalez, Aitzolek eta Mikelek espetxean jarraitzen dute».
Horrenbestez, lanean jarraitzera, norberak bere alea jartzera deitu dituzte herritarrak, «Aitzol eta Mikel etxera ekarri arte. Haien osasun egoera eta espetxea ez dira bateragarriak.
Nahasmen obsesibo konpultsiboa eragiten dion buruko gaitza du Gogorzak, autolisi arrisku handiarekin. Azken urteetan hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute Basurtoko erietxean bere egoeraren ondorioz. Egun Basauriko espetxean dago.
Arrietari joan den urteko urtarrilean diagnostikatu zioten espondilartropatia kroniko seronegatiboa Algecirasko Campo Gibraltar ospitaleko sendagileek. Endekapenezko gaixotasun larri eta sendaezina da. Botafuego (Algeciras, Espainia) espetxean aurkitzen da.
Eragile ugariren babesa
Eragile eta norbanako askok egin dute bat Gogorza eta Arrieta etxeratzearen aldeko aldarriarekin, eta Sarek horren inguruko atxikimenduak eta konpromisoak biltzen jarraitzen du. Martxoko plenoan, esaterako, ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien babesarekin aurrera egin zuen bi presoen etxeratzearen aldeko eskaerak. Lehen aldiz lortu zen plenoan halakorik preso gaixoen gaian, PSE-EEk ez zuelako ordura arte babestu norabide horretan zihoan moziorik.
‘Izan taupada’, lelo izatetik ekiteko filosofia bihurtzera
Izan taupada, lelo bat baino askoz gehiago da Errenteria-Oreretako Sareko kideentzat. Filosofia bat dela diote, eta norbanako bezala filosofia hori barneratzea garrantzitsutzat ematen dute. Txarli Garciaren esanetan, «mundu guztia dago ados guk aldarrikatzen dugunarekin, hau da, presoek ez dutela askatasunik, baina bai eskubideak. Jendea hortaz konturatzen da. Baina oraindik falta zaiguna da jauzi txiki bat ematea. ‘Hau nire arazoa da ere’ esatea jende guztiak. Arazoa jende askok ez du ikusten konpondu behar den erronka bezala». Adostasunetik, konbentzimendura joateko bidea jorratu nahi dute, alegia.
Norbanakoen konpromisotik asko izango du bihar Errenteria-Oreretako hiru auzotako plazetan egingo den jarduerak. Batetik, norbanakoek osatutako mobilizazioa izango delako, eta bestetik, partaide bakoitzari ekarpena egiteko eskatu diotelako.
Izan ere, Arenalean, Alabergako plazan, eta Pontikako plazan hiruna bihotz zati egin nahi dituzte aurrena —goiko grafikoan ordutegiak—, ondoren zati bakoitza Koldo Mitxelena plazan batu (Esmalterian), bihotz handia osatzeko. Larri gaixo dauden presoen aldeko ikurra da bihotz handia.
Bihotz zatiak lehenik eta handia ondoren, norbanakoen, parte hartuko duen herritar bakoitzaren ekarpenarekin osatuko dituzte; izan daiteke argazki bat, oihal zati bat, marrazki bat, mezu bat… Garcia: «Gaixo dauden presoen gaia larria da, gogorra. Edonola ere, baikortasuna, kolorea transmititu nahi dugu larunbateko mobilizazioaren bitartez, itxaropena helarazi nahi dugu. Errealitatea gordina da.?Baina horri itxaropentsu heldu behar diogu».
Hiru guneetan musika egongo da, pintxoak ere bai. Era naturalean, baikor, festa giroan bildu nahi dituzte herritarrak. Tokian tokiko plazatik 12:40ak inguruan abiatuko dira hiru zutabeak Esmalteriako plazaraino. Arenaleko zutabea giza eskubideen aldekoa izango da; Alabergakoa konponbidearena; eta Pontikakoa bakearena.
Bazkaria
Mobilizazioa egin ondoren bazkaria antolatu du Errenteria-Oreretako Sarek Koldo Mitxelenako jolastoki estalian. Otordurako tiketak Sindikato, Landare, Arkaitza, Zuketz, Aralar eta De Cyne Reyna tabernetan eskura daitezke 15 euroan. Haurrentzako menua ere badago.
Auzoetara joan da Sare babes eta sinergia bila, eta erantzuna ona izan da
Errenteria-Oreretak 15 auzo ditu. Baina herrian egiten diren ekitaldi gehientsuenak Erdigunean dira. Biharko mobilizaziorako hori eraldatu nahi izan du Sarek, zentroan bai, baina auzoetan ere jarri duelako indarra.
Hori egiteko Sarek eman dituen arrazoien artean nagusiena da auzoekin batera gauzak antolatzearena, betiere auzo horien errealitatea errespetatuz. Horrela, Mikel Arrietaren eta Aitzol Gogorzaren egoera sozializatzeko bideak ireki dituzte. «Nabaritu genuen», adierazi du Txarli Garcia Sareko kideak, «gai honen gaineko ezjakintasuna zegoela auzoetako biztanleen artean. Auzoz auzo bilerak egiten hasi ginen horrekin bukatze aldera, jakinda auzoen artean dauden ezberdintasunak». Premisa nagusi bat izan dute harremanak egiterakoan: Sare moldatu da auzoetako izaera, eguneroko eta errealitatera, eta ez alderantziz.
Auzo batzuetan kontaktu soiletara mugatu dira. Baina izan dira adibideak harremanetik harago joan direnak, Pontikan izandako esperientzia kasu. «Aitzol eta Mikelen egoera azaltzeko buzoneoa egin zuten auzoan, hitzaldia antolatu zuten… Baldintzak izan diren auzoetan aurrera urratsa egin dugu».
Garciak onartu du larunbatean ez dela deus ere bukatuko. Lanketa epe ertain-luzera —«espero dugu ez oso luzera izatea»— egin behar dutela: «Badaude baldintzak gai honekin jende askorengana iristeko. Eta bide horri eutsiko diogu. Auzoetan jaso duguna da guztion giza eskubideen aldeko defentsarekin ados dagoela jendartearen zati handi bat. Hori konpromiso bihurtu behar da».
Gaixoak eta 70 urtetik gorakoak, lehen hurbilketak
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Diputatuen Kongresuari babesa eskatu dio espetxe politika aldatzeko eta presoak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara hurbiltzen hasteko. Asteazkenean egin zion eskaera Espainiako Kongresuko diputatuei.
Gobernuaren asmoa da aurrena gaixo daudenak eta 70 urtetik gora dituztenak hurbiltzea. Hala esan zien Espainiako Kongresuko kazetariei herenegun, elkarrizketa informal batean, berri agentziek zabaldu dutenez.
Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteen informazioen arabera, gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten hamar euskal preso daude Espainiako Estatuko kartzeletan Euskal Herritik kanpo —beste batzuek nahiago izan dute anonimotasuna gorde—, eta hiru presok dute 70 urte edo gehiago.
Hau da, Espainiako gobernuaren buruak esandakoa egikaritzen bada, Mikel Arrietak aukera izan dezake Errenteriatik hurbilago dagoen espetxe batean izateko; Algecirasko espetxean dago egun, etxetik 1.100 kilometrora.