Antxoko TOPAguneak txuri-beltzeko zebrabide bati ortzadarraren kolorea eman zion atzo arratsaldean. Egindakoaz harro daude.
Zebrabidea margotu zutenak, egindakoarekin harro eta pozik.
Antxoko TOPAguneak irmo darrai antxotar denen eskubideak aldarrikatzeko zereginean. Atzo, LGTBIQ kolektiboen Nazioarteko Harrotasunaren Egunarekin bat eginez, Eskalantegi kaleko zebrabide bat ortzadarraren koloreekin margotu zuten, kolektibo horien banderaren koloreekin.
Haur, gazte eta heldu izan ziren margoketa lanean. Denek eman zuten ilusio, harrotasun eta konpromiso pintzelkada. Gainera, Antxo jaien atarian izanda, festa kutsuko ekitaldia izan zen zebrabidearena.
Sexualitatea, sexua eta bizitza ulertzeko fobia guztien kontrako aldarria izan zen atzokoa. Eta horiek zapaltzeko bidea, oinezkoen zebrabidea, egina dago. “Antxon gai gara”, esan zuten egileek.