Hiru taldeek emanaldia egingo dute bihar arratsaldean Niessenen eta igande eguerdian kalera aterako dute Cadizko inauteria.
Collar, Atxukarro, Aguilera, Ginesta eta Bohorquez gaurko agerraldian.
Beti Prest elkarteak antolatzen duen Cadizko Inauteri Jaialdia aurkeztu dute gaur. Bihar izango da Niessen kulturgunean, 19:00etan. Aurtengoa berezia izango dela azaldu dute antolatzaileek, “Cadizen Fallako lehiaketara aurkezten diren lau modalitateetatik hiru izango direlako oholtza gainean”. Konpartsa modalitatean garaile izan den Juan Carlos Aragonen
Los Mafiosos konpartsaren kuple eta pasodobleak entzuteko aukera izango da. Aragon, 40 konpartsa eta txirigota baino gehiagoren sortzailea da Cadizen, eta oso ezaguna bere letra kritikoengatik eta duen oihartzun mediatikoarengatik. Egunerokotasuna duten gaiak lantzen dituzte, eta talde afinatua eta musika kalitate handikoa da.
Berritasun handiena, ziurrenik, emakumeez osatutako
Las Guerreras de la Tribu del Totem Gordo txirigota izango da. Umorea eta iruzkin zorrotzak dituzte osagai nagusi, batez ere kalean aritzen dira, eta emakume independente eta solidario gisa azaltzen dira, beren feminitate desberdina errebindikatzen umorearen bidez. Parekidetasunaren aldeko mezuak dira nagusi txirigota horretan, ezarritako rolak apurtzeko.
Javi Aguileraren laukoteak osatuko du kartela.
Los de la Gran Puñeta parodia taularatuko dute haiek.
Ion Collar Kultura zinegotziak, Joxean Atxukarro Beti Prest taldeko ordezkariak, Javier Bohorquez Los Mafiosos konpartsako kideak, Susana Ginesta Las Guerreras de la Tribu del Totem Gordo txirigotako kideak, eta Javi Aguilera Los de la Gran Puñeta laukoteko kideak zehaztasun gehiago eman dituzte gaurko agerraldian. Beti Prest elkarteari eskerrak eman dizkio emanaldia antolatzeagatik Collarrek: “Ulertzen dugu kultura eta artea beste gauza askoren artean, mundu hain globalizatuan dauden beste errealitateak ezagutzeko zubia direla, eta zubi hori Errenteria eta Cadiz artean sortu da”.
Eskerrak eman dizkie “aurten berriz ere errepikatuko dutenei emanaldian”, baina batez ere Ginestari, “balioan jarriko duzuelako emakumeen ikuspuntutik bizi duzuen errealitatea. Txirigotak artea dira, eta balioak transmititzen dituzte kritika eta umorearekin”.
Inauteria kalera
Atxukarrok esaldi bakarrean azaldu du biharko emanaldia, “Cadizko inauteri usaina izango du Errenteriak”. Txartelak gelditzen ez direla dion txartela zintzilikatzear daudela ere esan du, eta primizia baten berri ere eman du. Emanaldian parte hartuko duten taldeek kalera eramango dute beren artea eta Cadizko inauteria, igandean, 13:00etatik 15:00etara Niessenen, Madalena kalean (Sindikato taberna parean) eta Zumardian (Reyna tabernaren parean) emanaldiak egingo dituzte eta taldeak txandakatzen joango dira, “kalean disfrutatzen dute talde hauek egiten dutenaz, bere pasioaz, jendearen artean”.
Ginestak, Errenteriara iritsi direnetik jasotzen ari diren maitasuna eta giro ona nabarmendu ditu, “udalak harrera izugarria egin digu, ni inoiz ez naute horrela hartu, ezta nire etxean ere”. Legez kanpoko txirigota dela beraiena esan du, “ez dugu lehiaketan parte hartzen, inauteria bizitzeko beste modu bat dugu, guk hala erabakita”. Agerraldiaren aurretik udalak egin dien harreran Julen Mendoza alkateak eta Collarrek berak izandako hitzak eskertu ditu, gainera, “feminismo hitza normalizatua dute, ohikoa ez dena beste lekuetan. Feminismo hitzari beldurra galdu behar zaio, zer den ikasteko borondatea izan batez ere, eta pixka bat irakurri. Herri honetan nabaria da hala egiten dutela”. Aukera ematen badiete, berriz ere errepikatzeko prest azaldu da, “zoragarria izaten ari delako esperientzia”, eta umorea “katarsi tresna zoragarria” dela erantsi du.
Aguilerak hirugarren urtea duela Errenterian antolatzen den jaialdian parte hartzen eta urtetik urtera gehiago disfrutatzen dutela esan du, “luxua da hori, eta erakusten du gozatzen dugula eta herri honetan gustura gaudela”. Cadizko inauteriak eta Errenteriak badutela zerbait komunean erantsi du, “inauterian askatasuna hitza dago denaren gainetik, adierazpen askatasuna, erabakitzeko askatasuna, eta borrokatzen dugu, gure modura, balore horien alde. Herri honek asko du horretaz”.
Bohorquez partaide den konpartsaren izaeraz mintzatu da, “protesta abestiak lantzen ditugu, eta aitortu behar da inauterian ere erosoago dela lausenguan aritzea, protestarena den beste espaloian baino, ideologia gaian goiko jendea ukitzen duzunean galtzekoak dituzulako”. Ohorea dela Errenterian izatea eta abestea gaineratu du eta udalaren harrera eskertu du.