150 ekintzatik gora prestatu ditu jai batzordeak egitaraua osatzeko, eta 25 kontzertutik gora. Identitate propioa erakutsiko duen zapia ere aterako dute aurten.
Jai Batzordeko kideak ostiral arratsaldean egin zuten agerraldian.
Atzerako kontaketa hasi da, hemeretzi egun baino ez dira falta madalenetako txupinak eztanda egin dezan, eta jai batzordeak agerraldia egin du egitarauaren hainbat xehetasun emateko. 150 ekintzatik gora prestatu dituzte egitaraua osatzeko: erakusketa, dantza, antzerkia, danborrada, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak, kirol jarduerak… askotariko ekintzak eguneko zein gaueko egitaraua osatzeko. Ez da musikarik gabeko jairik, eta horri ere erantzun dio jai batzordeak: 25 kontzertutik gora izango dira hilaren 21etik 25era bitartean publiko eta gustu ezberdinak asetzeko modukoak.
Programaren atzean, egitarau zabala, askotarikoa, baina batez ere, ilusioa eta auzolana: “ilusio handiz prestatu dugu egitaraua aurten ere, auzolanean, herritik eta herriarentzat izango diren jaiak egiteko”. eta berritasunik ere bada aurten, Errenteria-Oreretako jaiek nortasun propioa duten jakitun izanik, identitate hori indartuko duen lepoko zapia egin dute lehenengoz. Zapi horiek, hilaren 15etik aurrera izango dira salgai herriko hainbat puntutan (aurrerago zehaztuko dituzte saltoki horiek).
Txupinazoez ere mintzatu dira. Aurten ere bakarraren ordez, hiru izango baitira: Txupinazo txikia Koldo Mitxelena plazan 17:30ean, aurten gainera, Irria Harro! abesti propioarekin; Holi festa Gernika plazan 18:00etan hasita, eta txupinaren jaurtiketa udaletxeko balkoitik. Azken hori Herriko plazan zuzenean bizitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta lasaiago egin nahi dutenek berriz, Zumardian udalak jarriko duen pantaila erraldoiaren bitartez edo Herri Bizia webgunean jarraitzeko aukera izango da.
Madalenen lehen egunean antolatzen duen herri bazkariaren txartelak agortu direla dagoeneko jakinarazi du bestalde, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, “antolatzen dugun bazkariari egiten dioten harrerarengatik”.
Jaiez libre bizitzeko aldarriari ere egin dio tartea jai batzordeak, “emakumeek ez dutelako ausart izan behar, libre baizik”. Horren harira, eraso sexistarik gabeko madalenak helburu dituzten neurriekin bat egin du batzordeak. ezin amaitu herritarrak jaiez gozatzera deitu gabe, eta hala egin dute, “jaiak prestatzen gozatu dugun adina gozatuko dugu festak bizitzen, eta herritarrek ere hala goza ditzaten espero dugu, jaiak marraztuz, jaietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz”.