Koalizio abertzalearen arabera maiatzean azken sei urtetako daturik txarrena erregistratu da.
Hondakinak biltzeko sistemaren gainean eztabaidatu nahi du EH Bilduk Udal Gobernu Taldearekin. Hala proposatu zioan koalizio abertzaleak duela zazpi hilabete udal gobernuari, eta eskaera hark ez duela erantzunik jaso salatu du gaur Pasaiako EH Bilduk Donibanen egin duen agerraldian. Pasaiako birziklatze datuak eskuan, eta bilakaerarekin arduratuta, elkarlanerako prestutasuna agertu du beste behin EH Bilduk.
Koalizioak nabarmendu duenez, gaur gaurkoz Pasaia da eskualdean gutxien birziklatzen duen herria, eta maiatzekoa azken sei urteetako daturik okerrena izan dela ohartarazi dute. Zehaztu dutenez, hondakinen %52,9a birziklatu zen maiatzean, eta duela hiru urte birziklatze tasa %75ekoa zela gogorarazi dute.
Bide beretik, Pasaiako udalbatzarrak %70eko birziklatze tasa lortzea ahalbidetuko zuen hondakin bilketa sistema baten alde egitea aspaldi adostu zuela gogorarazi du gaur EH Bilduk , eta helburu hori lortzeko bidean lan egitera deitu du gobernu taldea.”Gure herrian askoz datu hobeak lortu ditugu duela urte batzuk. Zergatik egiten diote uko EAJ-PSEk adostasunari? Zergatik egiten diote uko Pasaiako EAJ-PSEk birziklatzeari? Ase al daude Pasaiako EAJ eta PSE %52,9ko birziklatze tasarekin?”, galdegin dute.
Gastua bikoitza baino gehiago
Birziklatze tasaren bilakaera behera doan bitartean, gastuak, kontrara, etengabe igotzen ari direla salatu du EH Bilduk. Koalizio abertzalearen arabera 2015. urtean Pasaiako Udalak 242.000 euro ordaindu zizkion San Markoko Mankomunitateari hondakinen kudeaketagatik, eta 2018an 600.000 euro ordainduko dizkiola esan dute, hau da, 350.000 euro gehiago.
Koalizioak nabarmendu duenez diru kantitate horrekin Andonaegiko futbol zelaia bi bider ordaindu daiteke eta Pasaiako Udalak “urtean gizarte larrialdietarako bideratzen duena baino diru gehiago” dela ohartarazi dute.