Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek lanak bisitatu ditu.
Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek Ondartxoko lanak bisitatu ditu.
Pasaiako EAJk jakinarazi duenez San Pedroko Ondartxoko pasealekuko lanak amaitzear daude. Pasealekua oinezkoentzat zabalik dago jada, eta han izan da hirigintza zinegotzi Nahikari Otermin, “herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu” duten lanak bertatik bertara ikusten.
Oterminek nabarmendu duenez, lanei esker “oinezkoek espazioa irabazi dute eta orain pasealekua seguruagoa, atseginagoa eta irisgarriagoa da”. Argiztapena eta saneamendu sarea berritu dituzte baita ere, eta pasealekuko gunerik zabalenean herritarrentzako “elkargune” berria sortu dute “lorategi eta eserlekuekin”.
Pasaiako EAJren arabera Ondartxoko lanak Pasaiako biziberritzea bultzatzeko estrategiaren barruan kokatu behar dira, eta legealdi honetan egin antzera hurrengoan ere lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute, pasaitarren eskaerei erantzuteko.
Oterminek aitortu du, hala ere, lanak denboran nahi baino gehiago luzatu direla (maiatzerako ziren bukatzekoak), eta “pazientzia” eskatu die pasaitarrei: “Zin dagizuet pauso oso garrantzitsuak eman ditugula eta datozen urteak izugarri garrantzitsuak izango direla, horregatik, Planean jasotako proiektu guztiak aurrera eraman ditzagun lanean jarraituko dugu gogor”.
EAJk ohar berean iragarri duenez Nahikari Otermin izango da datozen udal hauteskundeetan EAJren hautagaia Pasaian.