Bizipoza elkarteak, Bizipoza jaia egingo du irailaren 29an Errenteria-Oreretan. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteek osatzen dute Bizipoza elkartea.
Bizipoza jaiaren egitaraua aurkeztu zuten atzo.
Bizipoza elkarteak, Bizipoza Jaia egingo du irailaren 29an Errenteria-Oreretan. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteek osatzen dute Bizipoza elkartea. Egun, 33 elkarte barnebiltzen ditu, eta horietatik bi Errenterian ari dira lanean:
Juneren Hegoak eta
Mindara elkartea. Irailaren 29an egingo dute guztiontzat mundu duina eraikitzea helburu duen jai erraldoia, eta atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitaraua, Julen Mendoza alkateak, Leire Elizegi Bizipoza elkarteko koordinatzaileak eta Maite Gartziak, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteen izenean.
Bizipoza Jaia herrian antolatzeko eskaintza jaso zutenean zalantzarik ez zutela izan esan zuen Mendozak, “arrazoi askorengatik, baina nagusiki batengatik: herri honek aniztasunean bizi nahi du, eta badu bide bat egina horretan. Ezberdinak gara guztiak, eta Bizipoza, desberdintasun horretan elkarrekin bizitzeko proiektu oso interesgarria iruditu zitzaigun, gure herriarekin bat egiten zuena erabat”.
Mendozak esan zuen Bizipozak ibilbide motza duela, baina emankorra oso, “eta konbentzituta gaude egiten duen lan horrekin, eskertuta erabat, Bizipozak berak eta hori osatzen duten elkarte guztiek, gure herriko Juneren Hegoak eta Mindara elkarteak barne, aniztasunean bizitzeko beste mundu bat posible dela, desberdina den hori integratzeko”. Ezberdina “baztertzen” eta ezberdintasuna “gaitzesten” urte asko eman dituela gizarteak gaineratu zuen, “zuek bezalako elkarteek lortu duzue ezberdinak inkorporatzea, gure bizitzetara gehitzea, eta filosofia horrek bat egiten du gure herriaren nahiarekin. Ezberdintasuna onartzea da, aniztasuna hizkuntzan, kulturan pertsonena, arazoena… egiten duzuen lanak balioz janzten du gizartea, gizarte hori duinago egiteko egiten duzue lan”.
Elizegik udalari eta jaia posible egiteko ekarpena egiten ari diren elkarte, eragile, norbanako, enpresa eta ostalariei esker ona azaldu zien lehenik, batez ere Bizipoza elkarteko 33 elkarteei egunero-egunero egiten duten lanarengatik, eta gizarteari transmititzen dizkioten balio guztiengatik, “balore horiek egiten dute posible eraikitzea benetan, guztiontzako beharko luken mundu hori”. Boluntarioei ere eskerrak eman zizkien. izan ere, irailaren 29ko Bizipoza Jaian 177 boluntario beharko dituzte dena egoki antolatzeko, eta dagoeneko izena eman dutenak badirela jakinarazi zuen: “Hala ere, Iraila arte boluntario lanetan aritu nahi dutenek izena emateko aukera izango dute, eta horretara animatu nahi dugu jendea”.
Elkarte, eragile, norbanako eta erakundeen elkarlanari ere erreparatu zion Bizipozaren koordinatzaileak, “horrek egingo duelako posible jaia egitea, Errenteria guztiontzat behar luken mundu horren isla izatea. Guztiontzat behar luken mundu hori gainera, guztion artean eraiki behar dugu”.
Bost gune
Jaiaren zehaztapenak eman zituen ondoren Elizegik, eta herrian bost gune izango direla jakinarazi zuen. Horietatik hiru Zumardian: Irria Gunea, Tximeleta Gunea eta Elkartasun Gunea. Laugarren gunean Gernika plazan kokatuko dute eta bosgarrena Merkatuzarren. Irria Gunean egun osoan zehar, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikuskizuna, Goazen!-eko lagunak,
Irrien Lagunekin parranda ikuskizuna eta Furius elkartearen koreografia izango dira.
Tximeleta Gunean, harrera ekitaldia, Concha Rociera elkartea eta Jon Maia bertsolariaren emanaldia, Mindara elkarteko kideen ikuskizuna, eta Kale Dor kayiko Ijitoen elkartearen emanaldia izango dira. Elkartasun Gunean egun osoan zehar Bizipoza elkartea osatzen duten elkarteak presente izango dira, “elkarezagutza indartzeko baliatuko dugu, jendartera zabaltzeko egiten dugun lana”. Horretarako jolasa ere baliatuko dute, zehazki, Irrien Lagunak-eko pertsonaiekin Piko piko jolasa egingo dute. Albaolak ere bere espazioa izango du gune horretan.
Gernika plazak, berriz, puzgarriak hartuko ditu 10:00etatik 17:00etara, baita bederatzi tailer. Bertan izango dira, besteak beste, Real Sociedad Fundazioa, Gipuzkoa Basket, Mindara, Juneren Hegoak edo Bihotzez tailerrak kudeatzen. Merkatuzarrekoa izango da bosgarren gunea, eta azken horrek 1.000 lagunentzako bazkaria hartuko du.
Bost gunetan izango da zer ikusi eta zer gozatu, baina horrekin batera kale animazioa izango da egun osoan zehar, Amulleta kofradiaren danborrekin, txarangekin, udal txistulariekin edota trikitilariekin. Gune guztiak irekiak izango dira, eta bi ekintzetarako hartu beharko da sarrera soilik: Pailazoen emanaldirako eta bazkarirako. Txartelak 5 euroan izango dira salgai abuztutik aurrera Bizipozaren webgunean.
Festarekin bat egitera deitu zuen jendartea Gartziak, “ilusio handiarekin ari gara jaia prestatzen eta helburu nagusia Bizipozan gauden elkarteak ezagutaraztea da, jendartera zabaltzea, baita gure balioak ere”. Laguntzeko gogoa dela batzen dituen gakoa gaineratu zuen, “zailtasun sozialak dituzten familiak eta gizarte desabantailan dauden haur eta familiak laguntzeko nahiak batzen gaitu guztiak”.
Lan handia egiten ari direla onartuta, jaiaren atzean sortu den lantaldearen lanerako “gogo izugarria” nabarmendu zuen. Jendarteak, gogo izugarri horrekin erantzutea behar da orain, guztientzat behar lukeen mundua eraikitzeko bidean urrats bat aurrera egiteko.
Bizipoza Jaia-Egitaraua