XX. Erromeria Eguna, hilaren 14ean, Errenteria-Oreretan
XX. Erromeria Egunaren aurkezpena, Xabier Olaskoaga plazan; tartean, antolatzaileak eta artista gonbidatuak.
Ereintza Dantza Taldeak urtero Madalenen atarian antolatzen duen Erromeria Egunak XX. ekitaldia du aurten, eta antolatzaileek ahalegin berezi bat egin dute egitarauarekin, gaur egun herrian erabat sendotuta dagoen festa indartu, eta, ahal dela, are erakargarriagoa egiteko.
Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua, Niessenen, aurtengo gonbidatu berezietako batzuk bertan zirela eta Ion Collar kultur zinegotzia bidelagun. Erromeria Egunak izan duen bilakaerari erreparatu eta aurtengo egitarauan bilakaera horren nolabaiteko laburpen bat egin nahi izan dutela nabarmendu du Ereintzako kide Alaian Mayak. Hala, aurtengoan parte hartuko duten artista guztiak aurretik ere Erromeria Egunean parte hartu izan dutela nabarmendu du.
Aurtengoan, bereziki nabarmentzekoak, bi ekitaldi: goizean Vilafrancako Castellers-ak -250 laguneko talde bat heldu da Euskal Herrian sekula osatu den castellers handien osatzeko- eta arratsaldean, erromeria, aurten herriko itzal handiko artistek gidatuta.
Andoitz Andizarrek, Arkaitz Minerrek, Iñaki Letamendiak eta Quico Pugesek gidatuko dute arratsaldeko erromeria zumardian, eta oholtzatik gonbidatuak bereziak igaroko dira: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien.
Lau artistek proposatuak interpretatuko dituzte herriko musikariek, eta tartean dantza saio gidatuak izango dira. Xehetasunak, edonola ere, ostiraleko paperekoan aurreratuko ditu HITZAk, Erromeria Egunaren XX. ekitaldiari eskainitako bi orriko erreportajean.
Egitaraua
- 10:45. Diana.
- 11:00. Bola joko txapelketa.
- 11:30. Castellers Vilafranca plaza batetik bestera; Koldo Mitxelena plazan hasi, Xabier Olaskoagan jarraitu eta zumardian bukatu. Hamaiketakoa Koldo Mitxelena Plazan.
- 12:00. Aiko taldearen dantza poteoa kalez kale.
- 14:30. Herri bazkaria Koldo Mitxelena plazan.
- 18:00. Erromeria zumardian, Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Puguesen eskutik, eta lau gonbidatu bereziekin: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien.