28 parte hartzaile ari dira txapelketan Beraungo erabilera anitzetarako pistan. Finala hilabete amaieran jokatuko dute.
Ereintza da tenis openaren antolatzailea.
Gipuzkoako tenis jokalari onenak bildu ditu Errenteria-Oreretara Errenteriako Tenis Opena Ereintza Madalen Sariaren seigarren aldiak. 28 parte hartzaile ari dira txapelketan Beraungo erabilera anitzetarako pistan. Ereintza eskubaloiak, Gipuzkoako tenisaren zaleak (ATG) eta Kirolkideren laguntzarekin antolatzen du tenis opena, joan den hilabetean hasita, hilabete amaieran bukatuko da.
Ereintza elkarteak txapelketak aurreko edizioetan zein aurtengoan izan duen harrera ona nabarmendu du, baita ATG elkarteak lortu duela Gipuzkoako beste hainbat herritan ere tenis txapelketak antolatzea, “egun tenisean dabiltzanak hiru txapelketa ezberdinetan parte hartzeko aukera dute eta ia urte osoan txapelketetan parte hartzeko aukera dute. Orain arte ezinezkoa zen hori”.
Launa jokalari dituen zazpi talde egin dituzte antolatzaileek, eta jokalari bakoitzak talde bereko beste hiruren kontra partida bana jokatuko du talde bakoitzeko sailkapena lortzeko. Horren ondoren, kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte, final laurdenak, final erdiak eta finalak jokatuko dituzte haien artean eta hilabete amaieran, lehiaketaren lau finalak jokatuko dira (bat kategoria bakoitzean).
Gipuzkoako tenis jokalari onenak ari dira openean, antolatzaileen esanetan, “orain arte egin diren sei edizioetako mailarik altuena da aurtengoa”, eta horien artean Errenteriako bost: Ivan Jimenez, Anton Basterrika, Adur Lekuona, Iñigo Perez, eta Ivan Vizcaino. Donostia, Irun, Tolosa, Eibar, Hondarribia, Bera eta Legorretatik etorritakoak dira besteak.
Tenis partidak zuzenean ikusteko aukera izango dute zaleek, doan, larunbatetan 10:15etik 22:00etara, eta igandeetan, 10:15etik 14:00etara.
Lehiaketaren jarraipena berriz,
hemen egin dezakete interesdunek.