Fanderiako Errota, Ibaiaren Etxeak zabalik ditu ateak asteburu eta jai egunetan.
Maiatzean zabaldu zuen udalak Fanderiako Errota Ibaiaren Etxea.
Fanderiako Errota, Ibaiaren Etxeak zabalik ditu ateak asteburu eta jai egunetan. Fanderiako Errota, 1450 urtetik, industriaren etengabeko berritzearen adierazle argia izan da. 500 urtean hainbat erabilera izan ditu errotak. Burdinola izan zen lehenik, fanderia ondoren, irin errota, irin fabrika eta pentsu fabrika azkenik.
Fanderiako pentsuak, ez merkeenak bai onenak esaldia famatu egin zen pentsu fabrika izan zen garaian. Garai batean zein bestean, Oiartzun ibaia izan du ardatz errotak, bere uraren indarra erabili izan baita energia eragile gisa.
Egun,
Ibaiaren Etxea bihurtu du udalak, eraikin publikoa da maiatzaz geroztik, eta larunbat, igande eta jai egunetan bisita daiteke 10:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuak ere egiten dira bertan. 20-30 minutu irauten dute bisita horiek, eta ehotzearen mekanismoa eta errotarriak lanean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. errota eta errenteriarren kultur eta ibai ondarearen gaineko bi ikus-entzunezko eta hainbat panel informatibo ere badira errotan. Bisita gidatuak larunbat eta igandetan eskaintzen dituzte: 10:00etan eta 12:00etan euskaraz, eta 11:00etan eta 13:00etan, gazteleraz.
Bisita gidatua egiteko ez da gutxieneko taldea eskatzen, eta ez da erreserba egin behar. Ordutegi horretatik kanpo ere eskaintzen dira bisitak taldeentzat, eta ibaiaren interpretazio ibilbidearekin osatzen dira: Ibaira hurbilduz eta Ibaia aztertuz ibilbideekin, hain zuzen ere.
Ibaira hurbilduz ibilbidea Fanderiako errotatik hasita Oiartzun ibaira eramango du bisitaria, ubidea jarraituta, berriro errotara itzultzeko. Ibaia eta haren ekosistema dira protagonista nagusiak. Talde eta familientzat pentsatutako ibilbide gidatu horrek ordubete irauten du eta astelehenetik ostiralera eskaintzen da, jai egunetan izan ezik.
Ibaia aztertuz ibilbidean, berriz, errotako ubidetik hasi eta Oiartzun ibaian zehar interpretazio ibilbidea egingo du bisitariak: uraren kalitatea, antropizazioa edo ingurunean gizakiek izandako eragina, flora eta fauna. Eskola taldeentzako aproposa den ibilbide gidatu horrek 90 minutu irauten ditu eta astelehenetik ostiralera eskaintzen dute, jai egunak salbu.
Kasu guztietan bisita gidatuak doan eskaintzen dira, eta taldeen kasuan beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea. Horretarako, Oarsoaldeko Turismo Bulegoaren Errenteriako egoitzaren 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu behar dute interesdunek.
Bisita gidatuak ehotzearen mekanismoa eta errotarriak lanean ikusteko aukera eskaintzen du.