Jaietako programan "animaliak sufriarazten" dituzten jarduerak mantentzen direla ikusita haserre azaldu da Eguzki.
Uso tiroa egiten jarraituko dute aurten madalenetan.
Jaietan animalien sufrimenduak lekurik izan ez dezan eskatu du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak. Ez da berria eskaera hori, 2016ko apirilean, duela bi urte pasa, eskaera zehatza egin zioten Errenteriako Udalari Eguzkik, Itsas Enarak, Ugatzak, eta Ekologistak Martxan taldeek madalenetako jai egitarauaren barruan antolatzen ziren uso, galeper eta beste animalien tiro saioak debekatzea eta jaietako egitarauan ez jasotzea.
Halako erabakia araudi batean oinarritu gabe hartzea ezinezkoa zuela erantzun ziela orduan udalak ekarri du gogora Eguzkik, “baita animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zegoela”.
Bi urte beranduago, jaietako programan “animaliak sufriarazten” dituzten jarduerak mantentzen direla ikusita haserre azaldu da talde ekologista, “animaliei tratu txarra emateko bideak zabalik daudelako oraindik eta jai egitarauaren barruan txertatuta. Ez dugu ulertzen horrekin amaitzeko beste herri batzuetan hartzen diren erabakiak zergatik ez dituen gure udalak hartzen. Noiz arte itxaron behar dugu?”. Egoera “onartezina” dela esanda, udalaren jarrera salatu du Eguzkik, “mantentzen jarraitzen du animaliei sufrimendua eragiten dieten jarduerak programazioaren barruan, eta araudia onartzeko hartu zuen konpromisoa ez du bete. Animaliei sufrimendua sortarazteak ez du zerikusirik kultura eta nortasunarekin”.