Sormena ez da inoiz amaitzen, ez behintzat sanjuandarrarentzat. Txikitatik eskulanetan trebea eta sorkuntzan bihurria. Bere marka propioa sortu du: Maridomingi. Eta ideiak milaka ditu.
Artisaua, ilustratzailea eta sortzailea
Sormena ez da inoiz amaitzen, ez behintzat sanjuandarrarentzat. Txikitatik eskulanetan trebea eta sorkuntzan bihurria. Bere marka propioa sortu du:
Maridomingi. Eta ideiak milaka ditu.
Maridomingik 5 urte bete ditu. Zein pauso eman dituzu honaino iristeko?
Baserritar jantziak egiteko ikastaro batean hartu nuen lehen aldiz josteko makina. Gustatu zitzaidan eta ikastaroak egiten jarraitu nuen. Kasualitatez, lagun batek Proisak antolatutako gantxilo ikastaro batera gonbidatu ninduen garai berean. Handik gutxira, artileak lortu eta, etxekoek animatuta, Donibaneko San Tomasetarako postua jarri nuen. Lehen urte horretan txanoak eta bufandak saldu nituen.
Egun, baina, zure produktu ezagunenak motxilak dira.
Bai. Ikasitakoa uztartzea erabaki nuen: gantxiloa eta oihala. Eta motxilak sortu nituen. Bilduma bat egin nuen eta ongi funtzionatzen zuela ikusita online denda ireki nuen. Jendeak eskatzen zizkidanez jarraitu egin nuen eta gaur arte.
Nola heltzen da marka edo izaera propio bat lortzera?
Norbera den bezalakoa izaten. Beste istorio bat asmatuz gero, beste baten ibilbide bera jarraituz gero, lana eta emaitza ez da egiazkoa eta ez zinateke jendearengana iritsiko. Nik ere baditut inspirazio iturriak, baina nire lanean ni naiz eta nire erara egitea gustatzen zait.
Erraza da jendearengana iristea?
Hasiera batean ez, ez zaituelako inork ezagutzen. Zure lekua egin arte ez da erraza izaten.
Eta nola egiten duzu?
Urtean bi edo hiru bilduma egiten ditut. Online dendan zein azoketan saltzen ditut eskulanak. Antxon, Donibanen, Ordizian, Arrasaten, Villabonan, Donostian, Berriozarren eta Berrobin egon naiz, besteak beste. Sare sozialen bitartez zabaltzen dut egindakoa.
Bestalde, Gipuzkoako Artisauen Elkartean izena emanda nago. Azokak daudenean idatzi egiten digute. Hala ere, artisau karneta eskatzen dute eta autonomoetan alta emanda egotea.
Nola egiten duzu lan?
Beti ari naiz oihalak begiratzen eta horren baitan mugitzen naiz. Bilduta dudanaren arabera gai bat edo beste garatzen dut, eta bide bat edo beste hartu. Oihalak batuta, konbinazioak egiten ditut, moztu eta josi. Eta azkenik detaileak: botoiak, sokak, etiketak… Hori guztia nire ganbaratxoan daukat, hortxe baitaukat nire tailertxoa.
Zertan inspiratzen zara??
Naturan gehienbat, eta nire ingurunean: itsasoan, mendian… Loreak asko gustatzen zaizkit. Azkeneko bilduman mitologiari ere eskaini diot tartea.
Produktuaz gain zeri ematen diozu garrantzia?
Moduari. Produktua erosten duenak goxotasuna ere jasotzea gustatzen zait. Paperean polit jasotzen saiatzen naiz, batzuetan loretxo batzuekin. Argazki eta mezutxo bat ere sartzen diet. Eta eskerrak eman, Maridomingi haiengatik ere badelako.
Produktua aukeratu baino lehen ere argazkiari ematen diot garrantzia. Argazki bidez ikusten baititu jendeak lehen aldiz, eta hori zaintzea gustatzen zait. Beti etxetik kanpo, naturarekin harremanetan arropa zein kolore desberdinekin jolasten saiatzen naiz. Argazkilaritza maite dut, gainera, eta gozatzen dut lan hau egiten.
Azoketako postua ere detailera jartzen duzu.
Bai, begietara emateko eta goxotasun hori transmititzeko. Koloretako oihalak zein loreak jartzea gustatzen zait. Alabortza hondartzatik hartutako makilekin egindako pertxeroa daukat, txotxongilo bat, ispilua… Ilustrazioekin ere konbinatzen dut. Garrantzitsua iruditzen zait ere produktuak banatzeko poltsak paperezkoak izatea. Hori ere nire zigiluarekin ematen dut, nik marraztutakoa.
Erraza al da artisaua izatea?
Ez da beti erraza. Ikusten ez diren ordu asko dira, batzuetan baloratzen ez direnak ere. Batez ere ekonomikoki. Arropa eta osagarriengatik gutxi ordaintzera ohituta gaude. Hori industria esplotatu baten ondorioa da. Txinan, Indian, Thailandian eta bestelako tokietan oso gutxi ordaintzen diete jostunei, gero hemen jabeek prezio merkean saldu eta haien kontura dirudun bihurtzeko.
Artisauengana hurbiltzean, beraz, harritu egiten dira prezioekin, eta kexaka ere etorri izan dira. Ez da beti kontuan hartzen materiala eta hileko kostuak ordaindu behar ditugula, eta lan orduak ere sartzen direla.
Zaila da prezioa jartzea?
Produktu bat sortzean prezioan ere pentsatzen dut; jendearentzat eskuragarria izateko non jarri behar dudan muga. Batzuetan, duten balioa baino gutxiago ematen diedala uste dut.
Motxilekin hasi zinen, baina eskaintza zabaldu duzu orain.
Bai, garaiaren eta gogoaren arabera zer nahi dudan pentsatzen dut, eta hartara jendearentzat ere josi. Egun, motxilak, buruko zapiak, poltsak eta kimonoak ditut eta tarteka sorpresaren bat: apaingarriak, esaterako. Diseinuak eta detaileak aldatzen joatea gustatzen zait. Izan duen arrakastaren arabera ere moldatzen ditut gauzak.
Josteaz gain diseinuak egiten dituzu. Nola garatu duzu hori?
Hanka sartzen. Ibilbidean zehar ikasten ari naiz ni ere. Ikasitakoari eutsi, eta eraldatzen eta aldatzen noa. Patroigintzaz, adibidez, ez dakit gehiegi, baina horretan ari naiz, akatsak konpondu eta aldaketak egiten. Probatu, kuxkuxeatu eta ausartu, hori egiten dut. Nahiko autodidakta izan naiz beti. Txikitan nire arropa eraldatzen nuen. Galtzei izkinak moztu eta beste oihal zati batekin egindako hiruki bat gehitzen nien, adibidez.
Zein garrantzia dauka sormenak zure eta gure bizitzan?
Sormena hain da infinitua beti dagoela aukera bide berrientzat. Sormena garatu eta gehiago sortu behar dugu, desberdinagoak izan. Bestela itzalean geratuko da.
Zuk nola landu duzu sormena?
Ikastolan nengoela banekien garatu nahi nuena zerbait artistikoa izango zela. Donostiara joan nintzen Batxilergo Artistikoa egitera. Ondoren goi mailako gradu bat egin nuen: Ilustrazioa eta Diseinu Grafikoa.
Zure ilustrazioak ere ikusi ditugu Maridomingiren produktuetan.
Bai. Irudigintzan aktibo nagoela esango nuke. Ingurua behatu eta ikusitakoa nola marraztuko nukeen imajinatzen dut. Ikastaroak egin izan ditut eta tarteka marrazkiak egiten ditut. Asko gustatzen zait. Beti gara daiteke gehiago eta horretara beti animatzen naiz.
Maridomingirekin uztartzea ederra iruditu zitzaidan, finean, nireak dira biak. Hortaz, poltsak serigrafiatzen ditut, marrazkiekin egindako koilareak egiten ditut eta laminak era saltzen ditut.
Horrez gain non ikus ditzakegu zure ilustrazioak?
Kolaborazioak egiten ditut batzuetan: kartelak, eskuorriak, logotipoak… Harremantxo taldearen logotipoa egin dut, adibidez, Hisama dietistena, eta sortu berri den Emakumeen Traineru Elkartearena. Martxoak 8ko kartelak Errenteria eta Pasaian, eskuorriak , Aitor Zabalaren ezti markako potoetan jartzeko etiketak…
Eta hariak noraino iristen zaizkizu?
Oihal artelanak egiten ditut haurrekin ikastolan. Oihalekin, artileekin, makilekin eta margoekin ibiltzen gara, besteak beste, eskulanak egiten. Zergatik arropa konpainiarekin ere turbante batzuek egin nituen desfile baterako. Telmo Esnal zinemagilearen Dantza pelikulan parte hartu dut jantzi batzuek egiten: zakuekin egindako osagarriak margotu, josi eta sokekin nahastutakoak, baita ileorde batzuk ere. Antxoko TOPAguneak bultzatu duen pertsonaia berriaren jantzia sortu dut, Moliñomariren arropa.
Hamaika bide, beraz. Zein ateri joka dago orain zure sormena?
Ideiak eta ilusioa ez zaizkit falta. Badakit, noiz edo noiz, ditudan ideiak aurrera aterako ditudala. Maridomingiri dagokionez, denda eta tailer bat ireki nahiko nituzke Donibanen, sormen diziplina desberdinak konbinatuko lituzkeena, jende desberdinarekin. Proiektua, noiz edo noiz, beste norbaitekin ere garatzea gustatuko litzaidake.
Bestalde, gehiago garatu nahiko nuke ilustrazioaren mundua. Album ilustraturen bat egin edo autoeditatutako ipuinen bat atera. Eta argazkilaritza. Argazkilaritzan ere besteentzako lanak egitea gustatuko litzaidake, beste artisauen produktuak irudikatu, adibidez.
Egonaldi artistikoak egitea dut buruan, diziplina desberdinak landuta: dantza, antzerkia, zeramika… Eta bide hauek guztiak bilduko dituen web orria sortzea. Ez dakit noiz, baina egunen batean egingo dut, kosta ahala kosta.
Sortzaileentzat aholkurik?
Ni naiz beti aholku bila dagoena. Baina… Pazientzia eta konstantzia. Eta, noski, ilusioa.